Bizkaiko Foru Aldundiko DEMA - Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak zuzendaritza-profila eta 45 urtetik baino gehiago dituzten 24 langaberi laneratzeko laguntza integrala emango die martxan jarri berri duen 'Zubilan Plus' programa pilotuari esker. Programa hau Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatutakoa eta finantzatutakoa da.

Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, eta Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidentea, izan dira astelehen honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den programari hasiera emateko jardunaldiko buruak.

Egitarauak bederatzi hilabeteko iraupena izango du eta 2022ko apirilera arte iraungo du. Programa hilabete honetan hasi da maila ofizialean, ekitaldi presentzial honekin; ekitaldi honetan erakundeetako eta enpresetako sustatzaile nagusiek hartu dute parte, baita parte-hartzaileek ere.

Laespada diputatuak nabarmendu du asmoa daukala Bizkaian senior talentuaren garrantzia ikusarazteko, eta lan-merkatuan duen lekua eta gauzatu gabe ditugun erronka eta trantsizioei egiten dien ekarpena aldarrikatzeko.

Haren esanetan, inork ez du adinkeriako praktikarik aitortzen, inork ez du adinagatik aurrejuzgatzen edo diskriminatzen denik aitortzen. Inork ez. Hala ere, konturatuta edo konturatu gabe, hautaketa-prozesu gutxi gainditzen dituzte berrogeita hamar urtetik gorako profesionalek. Eta justizia kontua da. Baita adimen kontua ere. Izan ere, aniztasuna aukera-leihoa da edozein erakundetan: baita enpresetan ere. Aktibo bat da, balio bat. Horrez gain, gehitu du geroago partaide izango zaituzten mahai-inguruan senior talentua ez baztertzeko mila arrazoi baino gehiago azalduko direla.

Gainera, azpimarratu du lan-indarra pluralagoa dela maila guztietan, bai adinari eta generoari dagokienez, baita jatorriari, esperientziari, kulturari, ikuspuntuei eta balioei dagokienez ere.

CEBEK

Bestalde, CEBEKeko presidenteak ohartarazi du, zorionez, 50 urtetik gorako pertsonek Euskadin COVIDaren aurreko enplegu-maila berreskuratu duten arren, ezin dugula inor atzean utzi.

Beraren ustez, enpresa belaunaldien arteko topagune bat da. Enpresa bakoitzaren barruan esperientziak eta gaztetasunak elkarrekin bizi behar dute eta elkar elikatu behar dute talentua eta sormena sortuz. Halaber, gehitu du enpresa-erakundeetatik eta Alduntitik zein DEMAtik senior talentua duten pertsonen aintzatespena sustatu nahi dutela.

Horrez gain, Pérez Toledok adierazi du heldutasun profesionala ekarpen bat dela, izan ere, adinak balio erantsia ematen du, besteak beste, esperientziari, heldutasun profesional eta pertsonalari, kontaktu-sareari, enpresen ezagutzari dagokienez.

Laespada eta Pérez Toledorekin batera, Elena Cascantek, Generación y Talento Generacciona Behatokiko bazkide-zuzendariak hartu du parte ekitaldian. Cascante andreak zuzendariek lantaldeen kudeaketa eraginkorrari eta enpresako antolaketa-erronka berriei dagokienez dituzten portaerei buruzko hitzaldia eskaini du.

Mahai-inguru batek osatu du ponentzia eta Cascantek berak saioko aholkularietako batekin (Maria Erkoreka), Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzaren Zuzendari orokorra (Adolfo Rey), María Seidedos ekintzailearekin eta Zubilan Plusen parte hartzen duten pertsonetako batekin eztabaidatu du.

Estatistikek erakusten dutenez heldutasun profesionalean sartzea, lan-merkatura erraz itzultzen laguntzen duen aktiboa izan beharrean, galga bat da. Paradoxikoki, adinak esperientziari, heldutasun profesional eta pertsonalari, kontaktu-sareari, enpresa-ehunari eta abarri dagokienez ematen duen balio erantsia ez da bereziki baliagarritzat jotzen enpresa-ehunean. Euskadin, zehatzago esanda, langabeziaren kostu sozialaren % 90 bi urte baino gehiago langabezian daramaten 45 urtetik gorako pertsonek osatzen dute, eta % 45 hezkuntza-profil ertain-altuei dagokie, Laespada diputatuak aurkeztu berri duen Bizkaiko Foru Aldundiaren 2020-2023 Enplegu Planaren arabera.

Programa honek trebetasun eta gaitasunei buruzko prestakuntza jasotzen hasi diren pertsonak prestatzeko behar diren tresnak emango ditu, enplegua bilatzeko ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko eta gauzatzeko. Programak banakako eta taldekako saioak eskaintzen ditu.

Bai foru-agentziak bai Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu irmoa egiten dute enplegu-politika aktiboetan. Oraingo honetan programa Bizkaiko enpresa-sareko eragilerik adierazgarriena den CEBEK - Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin jarri da martxan, bai eta bere sektorialak diren FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBIrekin ere. Sektoreetako bere elkarteekin batera, CEBEKek ezin hobeto ezagutzen ditu enpresek Bizkaiko lurraldean dituzten profil profesionalen beharrak.

Halaber, Zubilan Plusen parte hartzen dute profilak laneratzeko prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresek. Aholkularitza-enpresa horiek, udan hautatu ziren 24 parte-hartzaileentzat diseinatutako laguntzarekin batera, orientazio-teknikak, coachinga, helburu profesionalen plangintza, lana bilatzeko ibilbide baten hedapena edo elkarrizketetan trebatzea garatuko dituzte. Azken helburua: langabezian dauden eta zuzendaritza-profila duten 45 urtetik gorako pertsonei laguntza integrala ematea. Betiere emakumeen kolektiboa, iraupen luzeko langabeak eta, zehatzago, 55 urtetik gorakoak ahaztu gabe, horiei ere arreta espezifikoa eman nahi baitzaie.