Urria hilabete berezia izango da bizkaitarrentzat. Bizkaiko Foru Aldundiak egitarau zabala prestatu egin du martxan jarriko duen Ondarearen Europako Jardunaldien XXI. edizioaren barruan. Guztira berrehun jarduera inguru egingo dira, eta berrogeita hamar udalerrik eta ehun organismok eta kultur elkartek baino gehiagok hartuko dute parte.

Diputatuak aurkezpenean azaldu zuenez " ’Guztion ondarea, denok parte! Patrimonio accesible e inclusivo’ leloak ezin hobeto finkatzen dau bizipenak eta ikuspegiak alkarri azaltzeko eta danontzako moduko programea gozatzeko esparrua, pertsonak erdigunean jarrita. Kultura ondarea komunidadeko pertsonen adierazgarria baino ez da: geure baloreak, sinisteak, ezagutzak eta ohiturak adierazten ditu. Horregatik, guztion eskubidea da kultura ondarea gozatzea. Horixe da aurtengo edizinoan aldarrikatzen doguna: ondare inklusiboa, kidetasunean, libre, lasai, oztoporik gabe, gustora bizitzea gure kuktur esperientzia".

Nabarmendu behar da edizio honetan 53 gizarte kolektibo berri batu zaizkiela 100 organismo eta elkarte kulturalei. Ondarearen Europako Jardunaldien informazio guztia webgune honetan eskuragarri dago.

Kolektibo guztien laguntza funtsezkoa izan da jarduerak diseinatzeko prozesuan zehar. Jarraian zerrendatutako erakundeek lehenengoz parte hartu dute pertsona guztiei zuzendutako askotariko proposamenak jasotzen dituen programa honetan: ONCE Fundazioa, Gorabide, Karenka, Fekoor, Andra Mari Zentro Okupazionala, Asebier, Gaude, Argia, FormArte, Síndrome de Down Fundazioa, Retina Bizkaia Begisare, Adisa eta ADIZMI.

Urri osoan zehar, udalak, museoak, turismo bulegoak, naturaren nahiz ondarearen interpretazio zentroak, kultura elkarteak eta auzokideen elkarteak eta gizarte erakundeak arituko dira, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta, ondarea pertsona guztiei gerturatuko dien egitaraua aurrera eramaten.

Guztira 214 jarduerak osatuko dute Bizkaiko urriko agenda. Bisitak, ibilbide eta ibilaldi gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, konferentziak, topaketak, lekukotzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, bideo-forumak, lehiaketak, ginkhana formatuko jarduerak... hartzaile mota guztientzako antolatutako jarduerak.

Jardueren egitaraua webgune honetan kontsulta daiteke, eta jarduera horietan parte hartzeko interesa dutenek webgune horren bidez, telefonoz nahiz posta elektronikoz egin ahal izango dute.