Gaur goizean Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aurkeztu ditu Bizkaiko zainketa luzeetarako trantsizio-planaren aurrerapen nagusiak. Gainera, legegintzaldi honetan ezarritako helburuak gogorarazi ditu: "iraupen luzeko zainketak dibertsitatearen arretan eta bizitza-proiektua garatzeko laguntza behar duten pertsonen premia". Asmoa da aniztasunarekiko arretan eta pertsonen beharren, itxaropenen eta lehentasunen bilakaeran aurrera egitea, bai etxean, bai egoitza-zentroetan. Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua izan dira aurkezpenean.

Unai Rementeriak sektoreko agenteei ziurtatu dienaren arabera, prozesu mailakatua eta progresiboa izango da, borondatezkoa, lagundua eta partekatua, "arreta-ikuspegiaren bilakaera horrek kultura-aldaketa garrantzitsua baitakar, eta finkatutako prozesuak eta dinamikak egokitzea eskatzen duelako. Erronka hori egungo errealitatetik abiatuta eta orain arte ildo horretan egin diren aurrerapenetatik abiatuta landuko du Aldundiak", esan du. "Sistemak funtzionatzen du, eta oso ondo gainera. Pertsonen arretari dagokionez, erreferente gara estatu-eta Europa-mailan, baina hobeto egon nahi dugu, hobeto lagundu. Eta horretarako, funtzionatzen duena pixka bat hobetu beharra daukagu". Ildo horretatik, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du Bizkaian diseinaturiko planak hori bilatzen duela hain zuzen ere: "Iraupen luzeko zainketak behar dituzten pertsonen arreta hobetzea, laguntza hori XXI. mendera egokitzea, gure arreta-sistema modernizatzea eta teknologia eta azken aurrerapenak txertatzea. Eta gertutasunarekin eta berehala egitea bilatzen du. Sektoreko agente guztien laguntza eta inplikazioa eskatzen duen anbizio handiko erronka baten aurrean gaude" azpimarratu du Rementeriak.

Gaur egungo errealitatea, bizi-itxaropenaren eta osasun-sistemako aurrerapenen hazkunde jarraituarekin, lurraldearen garapenaren adierazle on bat badira ere, askotariko dimentsioko ikuspegi batetik eta epe luzera begira, "iraupen luzeko zainketen ber-eboluzioari" heltzea eskatzen du; mendekotasun-egoeran dauden pertsonek eta horien senideek aukeratutako partekatutako zainketen sistema batetik.

Testuinguru horretan, iraupen luzeko zainketetan trantsizioa sustatzeko foru-planak funtsezko 4 proiektu ditu ardatz, eta proiektu horiek dagoeneko ezarrita dituzte helburu zehatzak legegintzaldi honetan:

1. EtxeTIC Eredua (etxean geratzeko laguntza ematea xede duen estrategia gisa) ezartzen duten eguneko zentroak

EtxeTIC eredua eguneko zentro baten berezko arreta eta mendekotasun-egoeran dauden eta beren etxeetan geratzen diren pertsonen kopuru handiagoari ematen zaion arreta bateratuko dituen ekimen aitzindaria da. Etxean dauden pertsona horiek laguntza- eta prebentzio-teknologien bidez monitorizatuak daude etxean bertan, eta, behar den garaian, arreta jasotzen dute etxetik hurbilen duten erreferentziazko zentroan.

2020an merkatuari egindako aurretiazko kontsultaren ondoren, eta lizitazio- eta esleipen-prozesuak amaitu ondoren, Etxaniz zentroa, EtxeTIC eredua ezartzen duen lehena, datozen asteetan hasiko da lanean. Etxaniz zentroak 25 pertsonari ematen die arreta eguneko zentroetako ohiko plazetan, baina horiez gain, zentrotik hurbil bizi diren 750 pertsonari ere ematen die estaldura. Bizkaiko Foru Aldundiaren planek lurralde osoan EtxeTIC eredua hedatzea dute helburu, eta eredu hori landa- zein hiri-guneetan zabaldu nahi da.

Gaur egun, Bizkaiak mendekotasun-egoeran dauden eta familia-inguruan zainketak jasotzen dituzten 21.245 pertsona ditu, eta gaur egun familia-inguruan zaintzeko prestazio ekonomikoa jasotzen dute. Foru erakundeak helburu bat ezarri du: EtxeTIC eredua hedatzearen bidez 2023rako aipaturiko pertsonen % 50ari eskaintzea arreta.

Bilboko Etxaniz zentroaren ostean, beste bi zentro batuko dira EtxeTIC eredura: zentro berri bat Zallan (udalerriko Udalak lagata) Enkarterrietarako, eta beste bat Etxebarrin. Azken horren kasuan, udalerriko gaur egungo eguneko zentroa eraldatuko da eta udalerriari eta ondoko Bilboko inguruari eskainiko dio zerbitzua.

Foru Aldundiak 22,5 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu 2021-2023 denboraldian EtxeTIC eredua garatzeko.

2. Egoitza-zentroetako bizikidetza-unitateak (egoitza-arreta pertsonalizatzeko estrategia moduan)

Bizkaiko Foru Aldundia dagoeneko ahalegin itzela egiten ari da egoitza-zentroetan gehienez 25 pertsonako bizikidetza-unitateak gara daitezen; bizitza-unitate horiek arreta pertsonalizatuagoa ematea bideratuko dute, etxekoaren ahalik eta antzekoena izango dena, komunitateari irekita egongo dira, eta laguntza behar duten pertsonen beharrizan, nahi eta itxaropenei erantzungo diete.

Bizikidetza-unitateak aurreikusita eta jasota daude gaur egungo araudian (126/2019 Dekretuaren 24. artikulua, EAEren eremuan), eta foru erakundea bultzada hori Bizkaiko Foru Aldundiaren politika publikoko hainbat tresna abian jarrita sustatzen ari da, hala nola: Bizikidetza-unitateak arautzen dituen Foru Dekretua (2021/08/31n BAOn argitaratua) eta bizikidetza-unitateak egoitza-plazen hitzarmen berrian sartzea (2021/07/30ean BAOn argitaratua).

Bizikidetza-unitateen garapena pixkanakako prozesua izango da, progresiboa eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutakoa. Ildo horretatik prestakuntza-programa bat jarri da abian egoitza-zentroekin, aurtengo azken lauhilekoan egingo diren prestakuntza-saioen bidez (lehenengoa joan den ostiralean, irailaren 17an, egin zen).

Bizkaiko Foru Aldundiak ezartzen duen helburua 2023rako Bizkaiko egoitza-zentroen foru-sarean bizikidetza-unitateetan plazak % 35 izatea da.

Hurrengo bi urteetan bizikidetza-unitateak garatzeko aurreikusitako foru aurrekontua 113 milioi euro ingurukoa da.

3. Erreferentziazko eskualde-zentroak (egoitza-sare osorako laguntza-unitate gisa)

Egoitza-zentroen foru sareari laguntzeko, foru planak aurreikusten du guztira eskualdeko erreferentziazko 4 talde martxan jartzea, bizikidetza-unitateetan antolatutako egoitza-sare osoaren euskarri gisa jardungo dutenak.

Talde horiek laguntzako zerbitzu soziosanitario espezializatuak emango dituzte diziplina anitzeko profesional-talde baten bidez. Zerbitzuek prozedura komunak, baliabide espezializatuak eta osasun-sistemarekiko lehentasunezko elkarrizketa izango dituzte, asistentzia-prozesuen garapenean bi sistemen arteko koordinazioa zaintzeko.

Ardatz estrategiko honen aurrerapena Osasun Sistemaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzarako esparru-protokolo baten bidez gauzatzen da, bertan Bilbao-Basurto ESIa eta Santa Marinako Ospitalea inplikatuta egonik. Ildo honetan; maitzetik hona lanean dabilzGizarte Ekintza Saileko eta Osasun Saileko profesionalak, Birjinetxe zentrutik proiektu honen hasierako pilotajea egiteko. Proiektuaren xedea unitate soziosanitario gisa jardutea da, Bilboko egoitza-zentroei laguntzeko berariazko talde batekin eta Santa Marina Ospitalearen eta Bilbo-Basurtuko ESIaren parte-hartzearekin.

Proiektua Bizkaiko gizarte-zerbitzuetako gainerako sektoreetan -Enkarterri-Ezkerraldea, Uribe eta Barrualdea- laguntza-taldeak sortuz zabalduko da eta, eremu horretako unitate soziosanitarioekin batera, eskualdeko erreferentzia-zentro gisa eratuko dira inguruko egoitzetarako.

Aldundiak 43,6 milioi eurotik gorako aurrkontua aurreikusi du 2021-2023 epealdian ardatz hori garatzeko.

4. Zainketen arloan profesionalen prestakuntza hobetzea

Bizkaiko Foru Aldundiak laugarren helburu estrategiko gisa ezarri du prestakuntzaren bidez egoitza-zentroetako langileen lanbide-kualifikazioa hobetzea. Foru erakundearentzat profesionalen kualifikazioa handitzea funtsezkoa da arretaren kalitatea hobetzeko, ezagutzak, gaitasunak eta lan-dinamikak arreta pertsonalizatura egokituz eta, era berean, enplegu-aukera kualifikatuak sortzeko hazkunde-itxaropen handiak dituen merkatu-hobi baten.

Horretarako Gizarte Ekintza Saila eta Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila elkarrekin lanean ari dira jarduketa-ildo bat diseinatzeko; ildo horren xedea sektorean maila profesionalean jarduten duten pertsonen trebakuntza areagotzea da, epe ertainean kualifikazioa duten profesionalen eskuragarritasuna areagotuz.

Bultzada hori datozen asteetan zehaztuko da Bizkaiko adinekoentzako egoitza-zentroetan lan egiten duten gerokultoreen eremuko pertsonei zuzendutako espezializazioko prestakuntza-programa bat abian jarrita (mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko gradu ertaina, pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun-ziurtagiria eta espezialitate eta gaitasun profesional berriei buruzko prestakuntza). Gainera, urtean langabeentzako kontratazioak diruz lagunduko dira, prestakuntza hori egiten ari direnak ordezkatzeko. Jarduketa horiek guztiek 5,4 milioi euroko inbertsioa izango dute hiru urterako, eta 16.000 prestakuntza-ordu ahalbidetuko dituzte.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak sektoreko eragile nagusiekin partekatu ditu foru estrategiaren gakoak eta aurrerapena: Bizkaiko Adinekoen Kontseiluko ordezkariak; familiak; Bizkaiko Lurralde Historikoan erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak kudeatzen dituzten erakundeetako profesionalak; Osasun Saileko eta Osakidetzako profesionalak; koordinazio-organoetako arduradunak (Bizkaiko Lurralde Kontseilu Soziosanitarioa, Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko mahaia, Zentroen Batzorde Iraunkorra,…); Bizkaiko Gizartean Esku hartzeko Etika Batzordea, Bizkaiko Elkargo Profesionalen ordezkariak (Medikuak, Psikologia, Gizarte Lana, Erizaintza eta Arkitektoak) eta Geriatria eta Gerontologiako Euskal Elkartekoak. Barakaldoko BECen egin den ekitaldian, halaber, Gizarte Ekintzako eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru sailetako profesionalak, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) profesionalak eta iraupen luzeko zaintzen arlo honetan adituak diren eta esperientzia luzea duten pertsonak izan dira.