Astelehen honetatik aurrera, hau da, irailaren 13tik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak teknologia transferentzia programako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu egin du.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak programa berri bat jarri du abian garapen teknologikoa sustatzeko eta lurraldeko enpresetan aplikatzeko, ekonomi sarearen lehiakortasuna indartzeko helburuarekin.

Teknologia transferentzia programaren helburua teknologiaren heldutasuna erraztea da, Ikerketa eta Garapeneko proiektuen bidez, Bizkaiko enpresa-ehunetik teknologia hori praktikan aplikatu ahal izateko. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 13tik urriaren 1era izango da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartuta dauden eragile zientifiko-teknologiko guztiek eska dezakete, baldin eta gutxienez lantoki bat badute Bizkaian.

Lehentasuna emango zaie heldutasun teknologikoaren goi-mailetan (TRL) garatu eta enpresentzako teknologia-transferentziako jarduerak (merkataritza-ustiapenerako) jasotzen dituzten proiektuei. Halaber, lehentasuna emango zaie RIS3 espezializazio adimentsuaren estrategian adierazitako eremuetan garatzen diren proiektuei; estrategia hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadiko 2030 Planean ezarrita dago.

Dekretuak gehienez 200.000 euroko laguntzak aurreikusten ditu ikerketa eta garapeneko proiektuetarako, baldin eta jarduera guztiak kategoria hauetako batean edo batzuetan sartzen badira: oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala, garapen esperimentala eta bideragarritasun-azterlanak.