Zabalik dago jada Zubilan Plus enplegu-programan parte hartzeko izena emateko epea. 45 urtetik gorako langabeei laneratzen laguntzeko sortutako programa honetan parte hartu nahi dutenek izena eman ahal dute dagoeneko. Bederatzi hilabete iraungo du programak, uztailaren amaieratik 2022ko apirilaren 15era arte.

Programa hori Teresa Laespada foru diputatuak zuzentzen duen Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak sustatu eta finantzatzen duen programa pilotua da.

Guztira, gehienez 30 langabetu bilatu nahi dira -horietatik 6 erreserbakoak-, Bizkaian erroldatuta daudenak, aldez aurretik talde-kudeaketaren arloan edo bestelako erantzukizunetan arduradun izan direnak eta kudeatzaile-, zuzendaritza-, buruzagitza- edo erdi-mailako aginte-postuetan esperientzia profesionala dutenak.

Programak, gainera, arreta berezia jarri nahi die gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei, hala nola emakumeen kolektiboari, iraupen luzeko langabeziari eta 55 urtetik gorako pertsonei.

Zubilan Plusek lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du; hori dela eta, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin batera jarri da abian, konfederazio hau Bizkaiko enpresa-ehunean eragilerik adierazgarriena baita. Bere sektore-elkarteekin batera, CEBEKek ondo ezagutzen ditu enpresek lurralde horretan dituzten lanbide-profilen beharrak.

Programan parte hartuko duten etorkizuneko parte-hartzaileen profilen laneratze-prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresek ere parte hartzen dute programan. Horiekin, laguntza integrala emango dute, honako ekintzak burutuz, besteak beste: orientazio-teknikak, coachinga, helburu profesionalen plangintza, enplegua bilatzeko ibilbide bat hedatzea edo elkarrizketetan trebatzea.

Zubilan Plus testuinguru jakin batean sortu da, non datuek erakusten baitute esperientzia eta heldutasun profesionala galga bihurtu direla langabezian dauden pertsonak birkokatzeko. Hori dela eta, Euskadin langabeziaren kostu sozialaren % 90 bi urte baino gehiago langabezian daramaten 45 urtetik gorako pertsonen artean pilatzen da; horietarik % 45ek hezkuntza-profil ertain-altuak dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu Planaren arabera.

Horrela, Zubilan Plus programa egoera horri buelta emateko asmoz sortu da, beren bizitzako uneren batean gerentziako edo zuzendaritzako lanpostuetan esperientzia profesionala izan duten eta orain langabezian dauden pertsonen kolektibo horri dagokionez.

Izena emateko eskaera telematikoa izango da. Horretarako, inprimaki bat bete behar da, eta curriculum vitaea eta lan-bizitza erantsi, helbide honetan.