Gaur goizean, ekainak 21, 2020-2023 Enplegu Plan berria aurkeztu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Plan honek ganorazko enpleguaren alde egiten du. Aurkezpenean Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroa den Reyes Marotok eta lehendakariordea eta Lan eta Enplegu sailburua den Idoia Mendiak hartu dute parte, besteak beste.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua den Teresa Laespadak xehetasunak azaldu ditu, eta foru-erakundearen lehenengo enplegu-plana dela nabarmendu du, bai eta ganorazko enplegua eztabaida publikoaren erdigunea izatea lortu nahi dela ere, politika publikoen bitartez gobernu-ekintzan lehentasunezko konpromisoa beren gain hartuz.Laespadak, halaber, adierazi du 2023. urtera arteko urte anitzeko ibilbide-orri bat izango dela, zeina enplegagarritasuna defendatzeko, bultzatzeko eta hobetzeko erabiliko den, elkarrekin eraikitako planteamendu batzuetatik, betiere, ekarpen berrietara irekita.

2020-23 Enplegu Planak sei erronka, 16 helburu eta 58 ekimen ditu, eta langabeei laguntzea eta lan-eskaintzak dituzten enpresen beharrak ditu ardatz.

Planaren bidez Langabeziaren Kostu Soziala prebenitu eta murriztu nahi da, hau da, langabeziak gizarte batean eragiten duen ongizate-galera. Horretarako, hainbat erreferentzia-aldagai ditu, hala nola langabezia-tasa, diru-sarreren galera edo langabezian kronifikatzeko aukera. Langabezia eta behin-behinekotasuna segmentaturiko lan-merkatu baten icebergaren gailurra dira, eta horien kostu soziala eta lan-prekarietatea dira ondoriorik dramatikoenak.

Era berean, plan hori parte-hartzean eta gobernantzan oinarritzen da, eta pertsonak eta enpresak ditu protagonista. Bestalde, osagarria da beste erakunde batzuekin, eta zuzentasun, berdintasun eta dibertsitatetik eraikita dago.

HITZALDIA ETA MAHAI-INGURUA

Aipatutako agintari guztiek hitz egin eta plana aurkeztu ondoren, Joaquín Nietoren hitzaldiarekin egin du programak aurrera. Hizlaria Lanaren Nazioarteko Erakundeko Espainiako bulegoko zuzendari nagusia da, eta "Enplegu-politiken ikuspegi berriak" izeneko hitzaldia eskaini du.

Ondoren, Bizkaiko Enplegu zuzendaria den Susana González Rómulok "Berrikuntza, Ebaluazio eta Ko-gobernantzan" oinarritutako mahai-inguru bat zuzendu du, eta honako hauek bildu dira bertan: Gloria Mujica (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia), Sara De La Rica (Iseak Fundazioko zuzendaria eta Ekonomia katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean), Juan Carlos Abascal (Ermuko alkatea), Xabier Ochandiano (Bilboko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia), Gonzalo Rodríguez Aguirregoitia (Ekain: Euskadiko Gizarte Inklusiorako Sareak delakoaren arduraduna) eta Carolina Pérez De Toledo (Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidentea - CEBEK).