Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu turismoaren sektorean, 2020ko martxoaren 14an alarma egoera ezarri zenetik. Denbora horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak sektoreari laguntzeko 11,6 milioi euroko inbertsioa egin du guztira.

2020an zehar, Ekonomia Sustatzeko Sailak 4.730.000 milioi euro bideratu zituen sektorera, hainbat programa eta ekimenetan.

Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko Zuzendaritzak 845.157 euro banatu zituen helmugako turismo-garapeneko 102 proiekturen artean, hau da, proiektu horiek abian jartzeko behar zen aurrekontu osoaren %67. Gainera, itzuli beharrik gabeko laguntzak jarri ziren martxan, sektoreko enpresei zuzeneko laguntza emateko, krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko. Laguntza horiek 873.840 eurokoak izan ziren eta 301 profesional autonomorengana eta sektoreko enpresengana iritsi ziren (turismo-ostatuak, turismo aktiboko enpresak, turismo-gida profesionalak, bidaia-agentzia hartzaileak, kongresuetako antolatzaile profesionalak...).

Turismoaren sektoreko profesional eta enpresentzako zuzeneko laguntzez gain, gure lurraldeko turismo-industria indartzeari dagokionez garrantzi handia dute sektoreko elkarte profesional eta enpresarialek eta horiek 2020an 115.515,96 euroko dirulaguntza zuzenak jaso zituzten enpresak covid-19ak sortutako eta eragindako egoerara egokitzeko, segurtasun- eta higiene-protokoloak aplikatzeko, turismo seguruko eta berrikuntzako ziurtagiriak lortzeko eta prozesuak eta bezeroekiko harremanak digitalizatzeko prestakuntza- eta laguntza-ekintzen bidez, besteak beste.

Gainera, joan den ekitaldian, 321.125 euro banatu ziren 17 enpresatako 19 proiekturen artean, Sailaren enpresa-sare osoari zuzendutako eta turismora ere irekitako programen bidez, adibidez enpresak sortzekoa, enpresen nazioartekotzea sustatzekoa, 2i Plana, Bizkaia Sortzailea eta Ekonomia Suspertzeko Programa Adimenduna.

Bizkaia Aurrera!, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko lurraldeko ekonomia-sare osoari zuzendutako Bizkaiko Foru Aldundiaren ezohiko neurrien planak ere balio izan du pandemiaren ondorioak arintzen laguntzeko eta turismo-sektorea planean sartutako mikrokredituen bidez indartzeko: mikrokreditu horietatik eratorritako 1.377.500 eurorekin turismo-sektoreko 113 proiektu finantzatu dira 2020an eta aurten beste 30 proiektu finantzatu dira 435.000 eurorekin. Bi ekitaldien artean, 127 enpresak baliatu dituzte mikrokredituak, eta horiei 14.272 euroko batezbesteko ekarpena egin zaie. Finantzaketa-lerro horrek, gainera, bereziki ahultzat jotzen den kolektibo bati erantzun dio, kontuan hartuta laguntza jaso duten turismo-sektoreko enpresen %54,47k ez zuela bestelako finantzaketarik lortu Elkargiren eta KOIren bidez pandemiari aurre egiteko.

Bizkaia Aurrera! Ekimenaren esparruan, halaber, 300.000 euro inguru bideratu dira barne turismoa bultzatzera eta 'Erreserbatu Bilbao Bizkaia' erreserba-ataria sustatzera.

LAGUNTZAK ETA ESKARIAREN SUSTAPENA 2021EAN

Aurten Bizkaiko Foru Aldundiak sektoreari eusteko egindako ahalegina mantenduko du; izan ere, duela urtebete baino gehiagotik hona izan diren mugikortasun-murrizketek eta edukiera-mugek oso eragin handia izan dute turismo-jardueraren garapen normalean eta, beraz, baita sektoreko enpresetan ere. Sektore honek denbora pixka bat beharko du suspertzeko eta pandemiaren aurreko mailetara iristeko eta, beraz, erakundeen laguntza behar izaten jarraituko du. Horrela, sektorea indartzera eta suspertzera bideratutako laguntzak eta Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko Zuzendaritzaren mende dauden eskaria sustatzeko neurriak indartuko dira. Oro har, Bizkaiko Foru Aldundiak 6.870.000 milioi euroko inbertsioa egingo du sektoreari laguntzeko, sektoreari zuzendutako laguntzen eta ekimenen artean eta aurten emandako Bizkaia Aurrera!ren barruko mikrokredituak ere kontuan hartuta.

Ildo horretatik, aurten 850.000 euro bideratuko dira helmugako garapen turistikorako laguntzetara. Laguntza horiekin, besteak beste, honako gai hauekin lotutako ekimenak lagunduko dira diruz: lurraldeko baliabide turistikoen balioa nabarmentzea, bisitarientzako arreta hobetzea, sektorea profesionalizatzea prestakuntza praktikoaren eta topaketa profesionalen bidez, edo proiektu berritzaileak garatzea, helmugaren digitalizazioa sustatzen dutenak; hori guztia betiere kontuan hartuta jarduera gauzatzean eta bisitari eta turisten harreran gure lurraldeko turismo-esperientziaren bikaintasun-mailei eusten eta ahalik eta konfiantza eta segurtasun-baldintza gehien eskaintzen jarraitu behar dugula.

Gainera, aurten, berriz ere, seinaleztapen turistikorako laguntzei berrekingo zaie. Laguntza horiek 250.000 euroko aurrekontua izango dute eta, aurrekoetan bezala, udalek, garapen-agentziek eta helburu turistikoak dituzten elkarteek Bizkaiko fluxu turistikoen banaketa optimizatzen duten seinale turistikoak garatu, diseinatu eta instalatzera bideratuta daude, horrela jasangarritasun handiagoa lortzen lagunduz.

Sektoreko enpresei zuzenean laguntzeko, 1.170.000 euro bideratuko dira turismo-industria indartzeko programa baten bidez; berariaz pandemiaren ondorioei aurre egiteko ezarritako laguntzak emango zaizkie enpresei, autonomoei eta elkarteei. Ildo horretatik, enpresa eta profesionalen kasuan, laguntza horien helburua jarduerari eta enpleguari eustea da, egoera ekonomiko eta sozial berrian suspertzen laguntzeko, enpresa-betebeharrak betetzea erraztuz eta, elkarteen kasuan, beren bazkideen jarduera egokitzen, indartzen eta profesionalizatzen laguntzeko jarduerak finantzatzera bideratuko dira covid-19ak eragindako krisiak sortutako errealitate berri horretan.

Sektorea suspertzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundia lanean ari da eskaria piztuko duten neurriak gauzatzeko eta abian jartzeko; izan ere, azken hilabeteotan mugikortasun-murrizketak eragin handia izan du eskariari dagokionez, eta turismo-jardueretarako erabilera eta kontsumoa erakargarriagoa bihurtuko da bonuen edo deskontu-txartelen bidez. Eskariaren pizgarri hau bi turismo-bonu kanpainen bidez antolatuko da. Lehenengoa, Euskadi Turismo Bono izenekoa, Eusko Jaurlaritzarekin, beste bi foru-aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan egin dena eta dagoeneko abian dena; kasu honetan Aldundiak 1.130.000 euro inbertitu ditu. Bigarrenerako, aurrerago garatuko denerako, milioi bat euro erreserbatuta ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Beste alde batetik, erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua nahitaezko abiaburua eta oinarria da lurraldeko turismo-gobernantzarako, Bilboko Udalarekin egindako aliantza estrategikoak erakusten duen bezala; aliantza hau urtez urte berresten da Bilbao Ekintzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez destinoa elkarrekin sustatzeko. Aldi berean, aliantza horren beste froga bat Bilbao Bizkaia Action Groupeko lantaldeetan sektoreko eragile publiko eta pribatuekin adostutako ekintza-planak diseinatzeko eta gauzatzeko Aldundiak bideratutako aurrekontu-zuzkidura da. Erakunde arteko lankidetza publiko pribatu horrek 800.000 euroko inbertsioa dakar aurten.

2 MILIOI PASATXO LURRALDEA SUSTATZEKO

Laguntza horiekin batera, Bilbao Bizkaiaren marketin turistikoaren estrategia egoera berrira egokitu da, merkatuei, joerei eta pertsonen kontsumo-ohiturei dagokienez, bai eta horiekin konektatzeko eta elkarreragiteko bitartekoei dagokienez ere. Jarduketa horiek milioi bat euro inguruko aurrekontua izan dute 2020an.

Marketin turistikoan inbertitzeko, hau da, eskarira egokitutako produktu berriak garatzeko eta merkatuetan sustatzeko, aurten ere 1.235.000 euro erabiliko dira.

Bilbao Bizkaia destinoaren sustapena helmugaren posizionamendu-planean, Bilboko Udaleko turismo-taldearekin egindako ahaleginean eta lan partekatuan eta turismo-industriaren lankidetzan oinarritzen da, eta barne-turismora, EAEra, hurbileko merkatuetara eta estatuko merkatu tradizionaletara bideratu da, bai eta kanal digitaletara ere, covid-19ak sortutako egoerara egokitzeko.