BILBO. Lurraldeko bide-azpiegituren berrikuntza sustatzeko inbertsio handia egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo ekitaldian. Guztira, milioi bat euroko aurrekontua bideratuko du Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak dirulaguntzen deialdi berri bat martxan jartzeko.

Hasiera batean proiektu bakoitzeko 100.000 euro arteko dirulaguntzak ematea aurreikusi da. Eraikuntza- eta ingeniaritza-sektoreetako enpresa bizkaitarrentzat zuzenduta dago, nagusiki.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, berrikuntza-proiektuek koherenteak izan behar dute erakunde eskatzailearen jarduera nagusiarekin eta aldundiaren bide-sarean aplikatzeko modukoak izan behar dira. Horrez gain, Bizkaian kokatutako ekoizpen-zentroan garatu behar dira. Era berean, Bizkaiko bide-azpiegiturak berritzeko planean ezarritako hiru ildo nagusietako batean kokatu behar dira:

  • Garraio-sistema adimendunak - ITS Aurreratua
  • Azpiegitura adimenduna eta digitala
  • Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ez da hautatutako proiektuei dirulaguntza ematera mugatzen; horrez gain, enpresei euren irtenbide teknologikoak bide-sarean probatzeko aukera ematen zaie. Modu horretan, errepideak, tunelak eta bidegorriak I+G+b laborategi bihurtuko dira, zeinak Bizkaiarentzako errepide adimendunen eta jasangarrien etorkizunerako anezka gisa balioko duen.

Eskaerak egiteko epea 2021eko uztailaren 22ra arte dago irekita.

2020KO DEIALDIA

Programaren lehenengo deialdia iaz egin zen eta zazpi proiektuk jaso zuten dirulaguntza, honako helburu hauekin zerikusia zutenak: bide-segurtasuna hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea, tunelak eta biaduktuak ikuskatzeko eta mantentzeko lanak optimizatzea eta trafiko-fluxuak hobeto ezagutzea, errepideen foru-sarearen kudeaketa hobetzeko. Kasu guztietan, enpresa eskatzaileek teknologia berrien erabilera planteatu zuten, hala nola azpiegiturak digitalizatzea, 5G sentsoreak erabiltzea, big data eta adimen artifizialeko teknikak aplikatzea, kudeaketarako software berriak ezartzea, matrikulak irakurtzeko kamerak dituzten droneak erabiltzea edo zoladura lumineszenteak edo isilak jartzea.

BIDE-AZPIEGITUREN BERRIKUNTZA-PLANA

Berrikuntza funtsezko elementua da Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailaren kudeaketan, zeinak 2020ko otsailean onartu baitzuen bere berrikuntza-plana.

Gaur egun, iraultza teknologiko bat bizitzen ari gara, eta horrek mugikortasun-eredu berriak dakarzkigu, pertsonen, ibilgailuen eta bide-azpiegituren arteko konektibitatearen garapenean oinarritutakoak. Gidatze automatizatua eta desplazamendu multimodala eta partekatua helburu dituen garapenak ibilgailua urrundu du mugikortasun-ereduaren epizentrotik, erabiltzailearen alde egiteko. Ildo horretatik, foru-planaren arabera, errealitate berri horretara egokitzeko ekintza estrategikoko tresna bat dugu berrikuntza. Bai eta teknologia berriek, gizarte-eredu berriek eta ingurumen-jasangarritasunak ezarriko dituzten erronkei eraginkortasunez aurre egiteko ere, betiere Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak, Bizkaiko bide-azpiegituren 1.300 km ingururen kudeatzailea den aldetik, garatzen dituen jarduera guztien balioa maximizatuz.