Erdibideko formula aurkitu dute aurtengo Ibilaldia ospatu ahal izateko. Jende multzo handiak elkartu ezin direnez, ez da ibilaldirik egongo, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik. Maiatzaren 30ean Kalakalata lelopean Sopelan antolatuko den Bizkaiko ikastolen jaialdiak lau gune ezberdin izango ditu eta goizez ospatuko da, bi txandatan. Aurreikuspenen arabera, webgunearen bidez aurretik izena eman beharko duten 3.000 pertsonek parte hartu ahal izango dute Sopelako Ander Deuna ikastolak eta Leioako Betiko ikastolak elkarlanean antolatutako ekitaldietan. “Ez da betiko moduan izango baina hurbilduko da”, adierazi zuten atzo ospatutako prentsaurrekoan. Batez ere familiei zuzendutako tailerrak egingo direnez, beste bi ekimen osagarri ere antolatu dituzte DBH eta Batxilergoko ikasleentzat: Komunitatearen deiadarra, maiatzaren 22an, eta Burnizko hesia, ekainaren 5ean.

“Argi geneukan oso zaila zela ibilbide bat planteatzea, ez zegoela aukerarik txosnak jartzeko. Baina bai pentsatu genuen gutxienez mantendu beharko genituela behintzat gune bereiztu batzuk eta horietan zerbait propio eskaintzea; egoera honetan eskaini zitekeen zerbait izatea, jakinda hori ere mugatua izango zela”, adierazi zuen Xabier Ugaldek, Ander Deuna ikastolako zuzendariak, prentsaurrekoan. Hortaz, pandemiaren ondorioz bete behar diren neurriak kontuan izanik, lau gune adostu dira. Ugaldek azaldu zuenez, guneek bi txanda izango dituzte: 10:00etatik 12:00etara eta 12:30etatik 14:30etara. Ordu erdiko tarte hori erabiliko da guneak husteko. Parte hartu nahi dutenek webgunean izen-ematea betetzeko aukera dute dagoeneko.

Lehena Sua gunea izango da eta Ander Deuna ikastolan kokatuko da. Bertan eskainiko dira zurezko jokoak eta dantza tailerrak, baita Deabru Beltzak antzerki taldearen ikuskizuna. Gainera, hasiera ekitaldi xume baten eszenatokia ere izango da. Horretan, aurtengo antolatzaileek 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari lekukoa emango diote. Bigarren eta hirugarren guneak, Ura eta Haizea izena eramango dutenak, Barinatxeko goiko aparkalekuan kokatuko dira. Batean, haurren hondartza tailerrak, beste herri batzuetako kultura ezagutzea edota ur-jolasak ospatuko dira. Bestean, kometa eta perkusio tailerrak eta zirku ikuskizuna izango dira. Azken gunean, Urgitxietan antolatuko den Lurra izenekoan, talo eta tai txi tailerrak izango dira eta Gora Kasete taldearen ikuskizuna. Bestetik, gune bezala funtzionatuko ez duen arren, Udaletxe Plazan 25 erakus-postu kokatuko dira.

Elkarlanaren adibide

“2021eko Ibilaldia elkarlanaren adibidea da. Izan ere, Ander Deuna eta Betiko Ikastolek ikasturte osoa eman dute hainbat ekimen prestatzen Uribe Kostan eta Leioan, Kalakalata lelopean”, agertu zuen, bere aldetik, Josune Bañalesek, Ibilaldi elkarteko lehendakariak. Azaldu zuenez, aurten, maiatzaren 30ean egingo den ekitaldiaz gain, beste bi ekimen berezi abiatuko dira: Komunitatearen deiadarra, maiatzaren 22an, eta Burnizko hesia, ekainaren 5ean. Horrela, bere esanetan, “euskarari eta euskal kulturari bultzada emateko, eta, era berean, ikastoletan lantzen ditugun balioak babesteko aukera gehiago” egongo dira.

Komunitatearen deiadarra bereziki 16 urtetik gorakoentzat, Batxilergoko ikasleentzat, ikasle ohientzat edo langileentzat zuzendutako ekimena izango da. “Ander Deuna eta Betiko ikastolak bilduko dira irrintzien bidez. Bi ikastolak banatzen dituen 8,5 kilometro horietan hiru pertsonako 100 taldetxo banatuko dira, irrintziz irrintzi bi ikastolak batzeko”, azaldu zuen Ugaldek. “Hiru pertsona horietako batek irrintzia botako du; beste batek egoera horren aurrean zein sentimendu duen jasoko du, idatzita zein marrazkiz edo argazkiz; eta hirugarren batek hori guztia bilduko du”, gaineratu zuen. Burnizko hesiari dagokionez, DBHko ikasleei begira planteatu da. “Bizkaiko ikastolei unitate didaktiko bat pasa zaie, non gerra zibilean sortutako hesiaren aitzakia hartuz, garai hartako hainbat pasarte eta arte adierazpen jaso dituzte gaur egunera ekartzeko. Ekainaren 5ean ekarpen guzti horiek aurkeztu nahi dira”, adierazi zuen Ugaldek.

Koldo Tellitu Betiko ikastolako eta EHIko lehendakariaren esanetan, “oraindik ez daude gauza batzuk %100ean zehaztuta”. Izan ere, azaldu zutenez, osasun egoeren ondorioz ezartzen diren mugen baldin-tzapean egon litezke zenbait kontu. Adibidez, txanda eta gune bakoitzak izango duen edukiera. Hala ere, egungo egoera mantenduz gero, aurreikuspenen arabera 3.000 bat pertsonak parte hartu ahalko dutela argitu zuen. “Askotan esaten dugu ez direla garai aproposenak honelako zerbait aurrera eramateko, baina guk, Ikastolen munduan, argi daukagu bultzada bat eman behar diogula euskarari”, iritzi zuen Tellituk. Gainera, aurtengoan funtsak lortzea zail egongo denez, ekonomikoki lagun-tzeko beste bide batzuk zabaldu dituztela adierazi zuen.