BILBO. Astelehen honetan goizean, maiatzak 10, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Imanol Pradalesek eta Bilboko Portu Agintaritzako presidente Ricardo Barkalak akordio bat sinatu dute Bilbo eta Getxo arteko itsasadarraren ondoan oinezko eta bizikletentzako bulebarra eta Erandio eta Barakaldo lotuko dituen zubi mugikorra eraikitzeko.

Protokoloak jarduketa-eremu hauek ezartzen ditu Aldundiarentzat, bizikleta-azpiegiturak garatzeko eta bizikleta garraiobide gisa sustatzeko erakunde eskuduna den aldetik, eta Portuarentzat, aurreikusitako jarduketek eragindako itsasadarreko lurren eta ur-laminaren administrazio titularra den aldetik:

  • Bizkaiko Foru Aldundiak bulebarra eta Barakaldo eta Erandio arteko zubi mugikorra eraikitzeko proiektuak egitea eta onartzea, bai eta obren finantzaketa, lizitazioa, kontratazioa, exekuzioa, likidazioa eta zuzendaritza ere.
  • Bilboko Portuko Agintaritzaren aldetik, obrak egiteko behar diren espazioak ematea, portuko jabari publikoan egingo diren obrak baimentzea eta ibaiertzeko hormen egoera berrikustea.

Protokoloa sinatu ostean, Imanol Pradalesek Portuko Agintaritzak BI-711 errepidea bulebar bihurtzeko izan duen inplikazioa eskertu du, eta gogorarazi du proiektu honekin Aldundiak itsasadarraren eskuinaldeko fatxada errotik eraldatu nahi duela eta Bilbo, Erandio, Leioa, Getxo eta Barakaldo udalerrien arteko mugikortasun iraunkorra bultzatu nahi duela.

Beste alde batetik, Ricardo Barkalak gogorarazi duenez, Portuko Agintaritzak hainbat proiektu eta jarduera garatu eta bideratu ditu Bilboko itsasadarraren eta portuaren inguruan, interes orokorrekoak, itsas pasealekuak sortu ditu, sarbide eta bide publikoak ezarri ditu edo ibaiertzeko udalerrietako biztanleentzako aisialdi-gune berriak lehengoratu eta ireki ditu. "Orain, Foru Aldundiaren eskutik heldu den ildo honetako proiektu berri bati bide emateko aukera dugu. Horretarako aldez aurretik hainbat errepide eta espazio publiko desafektatzeko izapideak egin ditugu, portuko jardueratik bereizteko, herritarren erabilerarako izan dadin. Oraindik ere administrazio eskumenduna gara, Erandio eta Barakaldo itsasoz inguratzen eta lotzen dituen Bilboko itsasadarreko ur-laminari dagokionez".

Halaber, Barkalak azpimarratu du garrantzitsua dela etorkizunean bi ertzak lotuko dituen zubia mugigarria izatea eta gutxieneko altuera izatea ibai-ibilguan nabigagarritasuna mantentzeko, "itsasadarrean oraindik dagoen portu-jardueragatik eta aisialdiko trafikoa mantendu eta bultzatzeagatik, hala nola Itsas Museoak edo bilboatsek sortzen dutena".

OBRAK 2022AN HASIKO DIRA

Bilbo eta Getxo arteko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia 'Bilbo efektua' itsasadarreko udalerrietara zabaltzeko eta 600.000 pertsona ingururen mugikortasun iraunkorra errazteko funtsezko proiektu gisa aurkeztu zuen Foru Aldundiak joan den otsailean. Bulebarra bizikleten eta oinezkoen mugikortasuna protagonista izango den gune gisa planteatzen da, BI-711 errepidearen motordun erabilera baretuarekin batera.

Gaur egun eraikuntza-proiektua egiteko fasean dago, eta trazadura eta ezaugarriak zehaztu behar dira. Aurreikuspenen arabera obrak 2022aren bigarren erdian hasi eta 2024aren amaieran amaituko dira. Proiektu honen inbertsioa 36,5 milioi eurokoa izango dela ezarri da.

Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, aurreratu duenez, bulebarrak zazpi kilometroko ibilbide laua izango du, bizikletentzako eta oinezkoentzako espazio berezituekin, eta ahalik eta zabalena izango da; beraz, zati batzuetan itsasadarreko ur-laminaren gainetik hegan egin beharko du.

Erandio eta Barakaldo arteko zubia egitura mugikorra izango da, ibai-ibilguan nabigatu ahal izateko. Zubi hori txirrindularientzat eta oinezkoentzat izango da, eta itsasadarraren eskuinaldeko bulebarra ezkerraldeko Ballontiko ardatzaren eta Urban-Galindoren inguruan eratutako bizikleta-oinezkoen sarearekin lotzea erraztuko du.

Bai zubia, bai bulebarra, Bredako Unibertsitateko eta Dutch Cyclist Embassyko bizikleta-mugikortasunean adituak diren nazioarteko taldearen eta Bizkaiko bizikletaren talde bultzatzailearen ezagutzarekin eta esperientziarekin definituko dira.