BILBO. 'The World's 50 Best Restaurants' izeneko jardunaldia 2022an Bizkaian ospatzeko ari dira lanean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, '50 Next' proiektua aurkeztu egin dute.

50 Next zerrendaren lehen edizioa aste honetan bertan atera da nazioartera. 20 eta 35 urte bitarteko 24 emakumek eta 19 gizonek osatzen dute, eta 7 kategoriatan banatu dira; kategoria horietan, gastronomiaren arloan lan egiten duten pertsonak aintzatesten dira, honako arlo hauetan: ekoizpena, teknologia, hezkuntza, sormen-industriak, zientzia, ostalaritza eta aktibismoa. 50 Next zerrenda horretan sartu diren gazteak 34 herrialdetatik datoz, eta horien artean Ion eta Mikel Zapiain (Donostia) anaiak daude, sagardoaren sektorea berritu dutenak, eta Maitane Alonso Sodupeko gaztea, elikagaiak kontserbatzeko makina bat asmatu duena.

Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoaren arloko diputatuak eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuordeak aurkeztu dute gaur eguerdian proiektua, William Drew 50 Besten edukien zuzendariarekin eta Laura Price proiektuaren arduradunarekin batera. Maitane Alonso, 50 Next zerrendakorik gazteena, eta Mikel Zapiain izan dituzte alboan.

Ainara Basurkok eta Bittor Orozek baieztatu dutenez, aurrez aurreko ekitaldi batek jarraituko dio zerrendaren nazioarteko aurkezpenari. Aurrez aurreko ekitaldi hori Bilbon egingo da 2022. urtean, murrizketek ahalbidetzen dutenean. "Euskadi eta Bizkaia nazioarteko panorama gastronomikoaren erdigunean kokatuko dituen ekitaldia izango da, eta hurrengo belaunaldiko lider izango diren talentudun gazteak elkartuko dira bertan; munduko sukaldaririk onenetako batzuk eta arlo guztietako gastronomia arloko profesionalak ere bertan izango dira. Horrekin guztiarekin, proiektu hau 'Euskadi Basque Country' estrategia integralaren barruan kokatzen da, eta euskal gizarteak partekatzen dituen balioak indartu nahi ditu, hala nola, ahaleginaren kultura, konpromisoa, arazoak gainditzeko gaitasuna, bokazio berritzailea eta lehiakorra, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna esparru global batean", azaldu du Bittor Oroz sailburuordeak.

50 Best jaialdiaren antolatzaileek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urtean ekitaldi handi hori egin ahal izatea espero dute. Ekitaldi horretan, 2021eko eta 2022ko zerrendetan dauden kideak aintzatetsi eta omenduko dira. Ez hori bakarrik, komunitate gastronomikoaren barruan elkarrizketa sustatzeko eta harreman berriak eragiteko jarduerak garatuko dira. Horrezaz gainera, 'Best of the Best' jatetxe taldeko ordezkariak ere bertan izango dira, aurretik "The World 's 50 Best Restaurants"eko zerrendan lehen postuan egon zirenak.

"Proiektu honek denen aurretik jartzen gaitu gastronomiaren eta elikaduraren sektorearen etorkizuneko garapenean, arlo horretan erreferente izaten jarraitu nahi baitugu. 50 Next Bizkaiari lotzea aukera paregabea da berrikuntzaren eta talentuaren alde egiten dugunon apustua erakusteko. Gastronomiaren etorkizuna ez da oraindik idatzi: negozio eredu berriak ikusiko ditugu, kontsumitzeko eta bidaiatzeko moduan aldaketak ikusiko ditugu, aplikazio teknologiko berriak ikusiko ditugu, gastronomiaren etorkizuna irauliko duten ideia inspiratzaile eta berritzaileak ezagutuko ditugu", adierazi du Ainara Basurkok.

William Drew 50 Besten eduki zuzendariak azpimarratu duenez, "Gastronomiaren mundua pandemiaren ondore suntsitzaileetatik berreskuratzen saiatzen den heinean, guretzat inoiz baino garrantzitsuagoa da elikagaien eta edarien katearen maila guztietan dauden eragileak babestea, ahalduntzea eta aintzatestea. Basque Culinary Centerren, Bizkaiko eskualdearen eta 50 Besten taldekide guztion laguntzarekin, gazte-zerrenda benetan anizkoitza biltzen dugunez, gastronomiarentzat etorkizun hobearen alde borrokatzen direnentzako plataforma bat elikatzeko, igotzeko eta emateko konpromisoa hartzen dugu. 50 Nextek gaurko aitzindariak hurrengo belaunaldiarekin konektatzeko aukera ematen digu."