BILBO. 4,1 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektoreari laguntzeko. Aldundiak onartu berri duen dirulaguntza sorta hau Europar Batasunaren laguntza izango du.

Zenbateko horren zatirik handiena, 2,4 milioi euro, mendialdeetako eta lurraldeko beste eremu behartsuetako nekazaritza-ekoizpenak dakartzan zailtasunen ondoriozko kostu gehigarriak eta diru-sarreren galerak konpentsatzeko izango da. Gainerako zenbatekoa baliagarria izango da ustiategietan nahitaezkoak baino nekazaritza-ingurumeneko eta klimako konpromiso zorrotzagoak borondatez hartzen dituzten nekazariei konpentsazioak emateko, eta nekazaritza ekologikoaren arloko praktikak eta metodoak bereganatzen eta horiei eusten laguntzeko.

Laguntzen lehen blokea, mendialdeko eta eremu behartsuetako ekoizpen-zailtasunak konpentsatzekoa, horrelako eremuetan kokaturik dagoen azalera erabilgarriaren hektarearen arabera banatuko da, bi helbururekin:

  • Eremu horietako sare sozioekonomikoa indartzea, nekazaritza-sistemei eusteko, ingurumen-interesagatik eta ingurumenari egiten dion ekarpenagatik.
  • Eta landa-inguruneko bizi-maila ingurunekoarekin parekatzea erdiestea, nekazarien bizi- eta lan-baldintzak eta animalien ongizatea eta higienea hobetuz, hori guztia natura-baliabideen ustiapen iraunkor eta natura-ingurunea errespetatzen duen jardunaren barruan.

Nekazaritza, ingurumen eta klima arloei dagozkien konpromisoei eta nekazaritza ekologikoaren alorreko konpromisoei loturik dauden laguntzen helburua da landa- eta nekazaritza-paisaiaren kontserbazioa, hobekuntza eta dibertsifikazioa sustatzea, hots, biodibertsitatearen onura eta babesa ekarriko duten eta ingurumena eta animalien ongizatea errespetatuko dituzten ekoizpen-sistemak eta praktikak sustatzea. Horrezaz gainera, horien bidez nekazaritzatik datozen berotegi-efektuko gasen eta amoniakoaren isuriak murriztu nahi dira; uraren eta lurzoruaren kudeaketa hobetu; karbonoaren harrapaketa sustatu nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueretan sortutako azpiproduktuak kudeatu eta balioetsi.

Hala, nekazaritza-ingurumen eta klimaren arloetako laguntzen bidez, higadura genetikoaren, ekoizpen integratuaren, tokiko animalia-arrazen kontserbazioaren, dibertsitatea hobetzeko erlezaintzaren eta mendiko larreen aprobetxamenduaren kudeaketaren mehatxupean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sagardotarako sagarrondoen tokiko barietateak kontserbatzera bideratzen diren jarduerak finantzatuko dira.

Nekazaritza ekologikoari dagokionez, diruz lagunduko da nekazaritza-ustiategiak nekazaritza mota horretara bihurtzea eta praktika eta metodo mota horiek mantentzea.