BILBO. Mundu osoko ibilgailu elektriko eta ekologikoak lehiatzen dituen Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuituko bi proba jasoko ditu Bizkaiak datozen asteetan. Proba horiek berezitasun nabarmen bat daukate: ez du ibilgailurik azkarrenak irabazten, efizienteena baizik. Bertan 9 eta 25 urte bitarteko haurrek eta gazteek hartzen dute parte, beraiek diseinatutako eta eraikitako ibilgailu elektrikoekin.

Probak datorren igandean, martxoaren 14an, izango dira Bilboko Santi Mami zelaiaren inguruan, eta apirilaren 4an Barakaldoko Herriko Plazan, bi kasuetan 12:00etatik 14:30era. Hainbat zentrotatik etorritako hogei taldek baino gehiagok parte hartuko dute, ez bakarrik Euskal Autonomia Erkidegokoak, baita Lisboakoak edo Oviedokoak ere, bi modalitatetan:

  • Bilbo: 24 (F24) eta 24+ (F24+) formulak, non 11 eta 16 urte bitarteko eta 16 eta 25 urte bitarteko gazteek parte hartuko duten. Txapelketa hau Bigarren Hezkuntzako ikasleei, elkarteei eta F24 kategoriako gazteen klubei zuzenduta dago. Aldi berean, Batxilergoko, LHko, unibertsitateetako eta ekipo industrialetako ikasleek F24+ lasterketan parte hartuko dute.
  • Barakaldo: Goblins: 9 eta 11 urte bitarteko Lehen Hezkuntzako haurrek parte hartuko dute.

Bizkaiko ekitaldiek Foru Aldundiaren eta Bilboko eta Barakaldoko udalen babesa dute, besteak beste, eta Bridgestone mugikortasun-irtenbideen liderrak eta Alfonso Líbano Firestone Fundazioak sustatzen dituzte.

Ekitaldia aurkezteko gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak ekitaldi horren "garrantzia" azpimarratu du, "gazteenei zuzentzen zaielako". "Biharko ekintzaileei dagokie mundu iraunkorrago baten alde lan egitea, aurrerabidea eta jasangarritasuna elkarri lotuta dituen mundu baten alde". "Bridgstone taldearen ekimenari esker, mugigarritasun iraunkorraren inguruko proiektuetara erakar ditzakegu gazteak, jolasteko eta parte hartzeko modua emanez". Garapen Iraunkorreko Helburuak ere aipatu ditu, eta gogorarazi du bere saila ibilgailu elektrikoak Bizkaibuseko flotan sartzeko eta Bizkaian bizikleta garraiobide garbi eta iraunkor gisa erabiltzea sustatzeko egiten ari den apustua.

Ekitaldian izan dira, halaber, Alfonso Gil, Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko zinegotzia; Alba Delgado, Barakaldoko Udaleko Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotzia; Sebastien Tranchant, Basauriko Bridgestone lantegiko Giza Baliabideetako zuzendaria; Joseba Luzarraga, Alfonso Libano Firestone Fundazioko patronatua; eta Paul Riley, Greenpower Iberia programako presidenteordea.

Bere hitzaldian, Alfonso Gilek oso positibotzat jo ditu haurrak mugikortasun iraunkorreko ohiturekin elkarbizitzera bultzatzen dituzten mota honetako ekimenak. "Umeak kutsagarriak ez diren garraiobideekin ohitzea zera da: hiriak leku jasangarriagoak eta osasungarriagoak izango diren etorkizuna bermatzea eta horren alde egitea", ziurtatu du.

Alba Delgado Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak adierazi du: "Gaur aurkezten ditugunen moduko jolas-jarduerei esker, herritarrek eta, bereziki, gazteek kontzientzia hartzen dute ibilgailuen ingurumen-inpaktua murriztearen beharraz, trafikoaren kudeaketa optimizatu eta erregai alternatiboen eta mugikortasun elektrikoaren erabilera bultzatzeko beharraz ".

Autoak eskolaz kanpoko ordutegian edo curriculum-jarduera gisa garatu dira, taldean lan eginez, eta STEAM trebetasunak garatzea ahalbidetzen dute (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics). Parte hartzen duten gazteek beren automobilak proiektatzen eta eraikitzen dituzte adin bereko taldeen artean neurtu ahal izateko, betiere elektrikoki eta ingurumenaren aldetik arduratsuak diren prototipoen inguruan.

Sebastien Tranchant-ek, Basauriko Bridgestone lantegiko Giza Baliabideetako zuzendariak, adierazi duenez, "guretzat aukera bat izan da programa honekin bat egitea, mugikortasun iraunkorra eta pertsonen, kasu honetan gazteenen, garapena sustatzeko dugun konpromiso sozialarekin bat egiten baitu. Gainera, Bridgestone taldean aldaketa estrategiko batean murgilduta gaude, pneumatikoen fabrikatzaileak izatetik mugikortasun-soluzioen hornitzailea izatera eboluzionatzeko. Hori guztia zentroko jasangarritasunari eta estrategia osoari eutsiz"; halaber, interesgarritzat jo du "STEAM arloetan etorkizuneko profesional trebatuen garapena babestea, bokazio horiek gazte-gaztetatik sustatzeko eta etorkizunean profesionalik onenak izateko".

Bestalde, Joseba Luzarragak, Alfonso Líbano Firestone fundazioaren patronatuak, adierazi duenez, "gure fundazioaren helburua da Bizkaia eta bere ekosistemaren barruko beste eremu batzuk berrindustrializatzeko jarduerak bultzatzea. Berrindustrializazio hori bultzatzeko arlo garrantzitsuenetako bat STEAM hezkuntza da. Eta Green-Powerren programak zintzo islatzen du hezkuntza horren funtsa ".