BILBO. Euskararen erabilera sustatzearen alde lanean darrai Bizkaiko Foru Aldundiak. Oraingo honetan, martxan jarri berri du langileen artean euskaraz mintzapraktika telematikoki egiteko Berbalagun programaren bigarren edizioa.

Programa honen bidez, foru-sail guztietako langileek jarioa handitzea, beldurra kentzea eta lan-eremuan euskaraz hitz egiteko ohitura finkatzea lortu nahi da, eta, bide batez, mintzamenaren eta ahozko ulermenaren maila hobetzea.

Saioak bikoteka egingo dira: kideetako bat euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi duen eta maila hobetu nahi duen pertsona bat izango da (berbalaria), eta bestea, euskaraz hitz egiteko ohitura handiagoa daukana (berbalaguna), elkarrizketan berbalariari laguntza emango diona. Bikote bakoitzeko kideak astean behin jarriko dira harremanetan, telematikoki, 30 minutuz euskaraz hitz egiteko. Elkarrizketak bitarteko telematikoen bidez egingo dira: bideo-konferentziak, telefono-deiak, bideo-deiak, etab. Bikote bakoitzak erabakiko du saioa egiteko asteko eguna eta ordua.

Berbaneten parte hartzeko ez da euskara-titulurik behar, baina komeni da berbalariak gutxienez B1 maila izatea (1. hizkuntza-eskakizuna).

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak bulego tekniko moduan jardungo du egitasmoak dirauen bitartean: saioak bultzatu eta dinamizatuko ditu eta haien jarraipena egingo du.

Aldundiko langileek martxoarean 9tik 25era arteko epea dute programan izena emateko. Saioak apirilaren 26anhasiko dira, eta ekainaren 19an amaituko dira.

LEHENENGO EDIZIOA, 2020AN

Urrian eman zitzaion hasiera Berbanet ekimenari, eta bertan aritu ziren Foru Aldundiko 120 langile zein baino zein berritsuago. 60 berbalarik 60 berbalagun izan zituzten solaskide. Elkartzeko moduak, hainbat izan ziren: online, telefono-dei bidez, meet, jitsi erabiliz… Era batera edo bestera, kontua izan da berba eta berba aritzea.