BILBO. Urtero bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da datorren astelehenean, martxoak 8. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiko museoen sareak bat egingo du egun berezi honekin, hainbat jardueraz osatutako egitarauarekin.

La Encartada Fabrika Museoak hainbat jarduera antolatu ditu hilabetean zehar. Horrela, martxoaren 6an, 12:00etan, kontzertu elektroakustikoa izango da herriko 'Ellas' taldearen eskutik. Makina eta engranajeen artean, ekitaldian euren abestien letren bidez magia jarriko dute, gehienak emakumeetan oinarrituta.

Martxoaren 7an, kasu honetan ere La Encartadan, 12:00etan, ipuin kontaketa saioa izango da Ana Apikaren eskutik. Jarduera hau 5 urtetik gorako neska-mutilekin joango diren familientzat da eta bertan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko hausnarketa egingo da.

Igandeetan, hilaren 14, 21 eta 28an, 12:00etan, genero ikuspegia duen familia-tailerra izango da, 'Berdinak al gara?'. Mirenen, XX. mende hasierako langile baten paperean, eta gaur egungo emakumea den Milagrosen eskutik, publikoak azken belaunaldietako lan baldintzen, soldaten eta pentsamoldeen bilakaera eta aldaketak ikusi ahal izango ditu. Ondoren solasaldia-eztabaida egingo da, bisitan ikusitakoaren ondorioak eta iritziak partekatzeko. Familia-tailerra izango da, 8 urtetik gorako haurrekin.

Jardueretan parte hartzeko, erreserba egin beharko da 94 680 07 78 telefonora deituz edo laencartada@bizkaia.eus helbidera idatziz.

Martxoaren 13an Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean 'Emakumeak eta txakolina' mahai-ingurua izango da. Bertan, txakolinari lotutako hainbat esparrutako emakumeek hartuko dute parte: mahastizainak, sommelierrak, enologoak,… euren esperientziak eta jakintzak kontatuko dituztenak. Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta bukatutakoan txakolin dastaketa izango da. Informazio gehiago 94 602 85 13 telefono zenbakian edo txakolingunea@bizkaia.eus.

Era berean, martxoaren 18an Bermeoko Arrantzaleen Museoak 'Mairin Mitchell. La cronista de Acurio' hitzaldia eskainiko du. Xabier Armendariz ikertzaileak irlandar idazle ezezagunaz hitz egingo du, bere garairako aparta izan zen emakumea: anarkista, feminista, libertarioa, kazetaria eta itsas- historialaria baina, batez ere, euskal itsasgizonen ondare historikoarekin konprometitutako emakumea. 1958an argitaratutako 'La odisea de Acurio' bere eleberrian lehen munduko bueltan parte hartu zuen kontramaisu bermeotarraren abenturak kontatzen ditu. Ekitaldia 19:00etan izango da, Museoan. Erreserbak eta informazioa 946881171 telefonoan edo arrantzaleenmusea@bizkaia.eus

Horrez gain, Santimamiñek emakumea historiaurrean gaiari buruzko bisita gidatuak eskainiko ditu martxoaren 13an eta 14an. Genero-ikuspegia duen bisitak historiaurreko ezagutzak aztertuko ditu, ikuspegi kritiko eta, aldi berean, zientifikoarekin. Aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da santimamine@bizkaia.eus helbidean edo 944651657 telefono zenbakira deituta.

Bilboko Arkeologi Museoak 'Bizkaiko historiaren emakume ikertzaileak' izeneko bisita gidatuak eskainiko ditu martxoaren 9tik 12ra, emakumeek Bizkaiko arkeologian eta ondarean egiten duten ekarpena ikusarazteko. Museoko erakusketa aretoetan zehar ibilaldi bat egingo da Bizkaiko ikerketa arkeologikoan lan egin duten emakume aitzindari eta aipagarrienen zeregina eta garrantzia azpimarratuz. Emakumeek gure lurraldeko arkeologian egiten duten ekarpenean jarri nahi da arreta.

Museoak haurrentzako tailerra ere antolatu du martxoaren 14, 21 eta 28an, 'Ispasterko arkularia" izenburupean. Ispasterko hilobi-kobazuloan objektu bitxiz inguratuta aurkitutako burezur batetik abiatuta, haurrak arkulari izatera animatuko dira egun batez.

Bi jardueretarako erreserba arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbidean edo 94 404 09 90 telefonoan egin beharko da.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak 3 jarduera eskaintzen ditu martxoan. Lehenengoa 'Emakumeen artean paseoan" bisita tematikoa izango da. Museoko aretoetan zehar egindako ibilbidearen bidez, bisitariak hainbat emakume profil ezagutzeko aukera izango du: erreginak, kirolariak, artistak edo, besterik gabe, emakume langile anonimoak. Hileko larunbat eta igande guztietan izango dira, 12:00etan.

Gainera, euskarazko bi literatur topaketa egingo dira 'Literatura eta Ondarea' programaren barruan, bi euskal idazleren lanen zatien bidez euskarazko literaturarekiko eta Ondarearekiko interesa sustatzeko. Martxoaren 11n Toti Martinez de Lezea izango da 'Urak dakarrena' lanarekin eta martxoaren 13an Miren Agur Meabe, 'Nola gorde errautsa kolkoan' lanarekin.

Museoak martxoko programazioa osatzeko 'Emakumeak eta itsasoa. Batelerak ' tailerra eskainiko da martxoaren 20an eta 21ean. Bertan, familiek, doan, emakumearen eta itsasoaren arteko harremana ezagutzeko aukera izango dute, batelarien lana bereziki. Informazio gehiago: 946255451 edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus.

Azkenik, Muskizko El Pobal burdinolak eta Muñatones gazteluak hitzaldi-ziklo bat aurkezten dute, euren ikerketa-arloan erreferentzia diren emakumeek gidatuta egongo direnak. Arkeologian, historian, artearen didaktikan edo paisaian adituak direnek zabaldutako jakintza eta ezagutza.

Ziklo hau martxoaren 28an hasiko da, Muñatones gazteluan eta 'Emakumea Erdi Aroan' izenburupean egingo den lehen hitzaldiarekin. Janire Castrillo eta Irene López historialariek erdi aroko historiako generoa aztertuko dute. Informazio gehiago 629 271 516 telefonoan edo elpobal@bizkaia.eus.