8,06 puntu

Egoiliarren familiek nota ona jarri diote euren senideek jasotzen duten arretari

17.02.2021 | 21:31
Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako foru diputatua.

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza sarean bizi diren egoiliarren familiek 10etik 8,06 punturekin baloratu dute euren senideek jasotzen duten arreta. Bestetik, foru erakundeak covid-19aren krisiarekin lotuta egin duen kudeaketa 7,18rekin baloratzen da 0tik 10erako eskalan.

Foru erakundearentzat lehentasunezkoa da mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako egoitza-eredu oso eta ezin hobea izatea, hau da, pertsona horien eta euren familien premiak asetzeko gaitasuna duena; beraz, beharrezkotzat jotzen da familiek egoitza horien kudeaketaz egiten duten balorazioa zuzenean ezagutzea.

Foru erakundeak zuzenean jo du familia erabiltzaileengana zerbitzuaren hobekuntzan aurrera egiteko, hautemandako zerbitzuaren arreta eta kalitatea ebaluatzeko eta egoitzen foru zerbitzuan hobetu beharreko arloak identifikatzeko. Horretarako Gizarte Ekintza Sailak 2020ko abenduan telefono bidezko kontsulta egin die lurraldeko egoitzen erabiltzaileen erreferentziazko pertsona gisa ageri diren 2.015 familiari. Azterlanak jarraipena ematen dio duela bi urte egindakoari.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako foru diputatuak, azpimarratu du inkesta berri honek garrantzi berezia duela pandemiaren egoeraren ondorioz. Ildo horretatik, Sergio Murillok uste du emaitzak familiek lurraldeko egoitza-zentroen foru sarean inplikatutako eragile guztiei egindako aintzatespena direla: "Egoitza-zentroen sarean konfiantza jarri dutenei galdetu diegu. Eta 2.015 familiaren ustez, mendetasun-egoeran dauden euren adineko senideak esku onetan daude. Uste dut 10etik 8ko puntuazio hori familien mezu bat dela egoitzen sareko profesional guztientzat. Azken urte zail honetan egin den lana aitortzeko mezua".

Murillok aitortu duenez, zerbitzu guztietan gertatzen den bezala beti daude hobetzeko arloak eta, beraz, ildo horretatik jasotako proposamenak kontuan hartuko dira eta "Bizkaiko pertsona guztien eskura egongo den kalitatezko zaintza-sare nabarmenean aurrera egiteko balioko dute", gaineratu du.

Hona hemen balorazio-inkestaren emaitza nagusiak:

  • Foru kudeaketaren balorazioa: prozesua eta ikuskapena

Inkestak Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketaren hainbat esparru ebaluatzen ditu, hala nola informazioarekiko irisgarritasuna eta horren ulermena, jasotako tratua edo foru erakundeak egoitza-zentroetan egiten duen ikuskapena.

Foru egoitzetan plaza bat izapidetzeko prozesu osoan zehar jasotako tratuari dagokionez, familiek 10etik 7,95ekin baloratzen dute, eta nabarmendu behar da %3,6k soilik eman duela 5etik beherako puntuazioa; ordea, %67,7k 8 eta 10 arteko puntuazioa ematen du.

Bloke honetan foru sareko egoitzetan egindako ikuskapen-lanaren eta egoiliarren zaintzaren bilakaera positiboa nabarmentzen da. Nahiz eta 2018ko irailean nota, orduan inkesta hartako baxuena izan zena, 6,01ekoa izan zen, bi urte geroago 7,13 izatera pasatu da. Inkestatutako pertsonen erdiek baino gehiagok (%51,4) 8tik gora baloratu dute Aldundiak egiten duen ikuskapena, 0tik 10era bitarteko eskalan. Era berean, familien %47,6k egoitza-zentroetan ikuskapen gehiago egiten ari direla uste du, eta %44,3k ikuskaritza-lana areagotzearen ildo horretan sakontzen jarraitzea eskatu du.

  • Egoitza-arretaren balorazioa

Duela bi urteko emaitzekin alderatuta zentroek eskainitako zerbitzuarekiko asebetetze orokorra 7,87tik 8,06ra igo da. Era berean, inkestatutako 10 familietatik 7k 8tik gorako puntuazioarekin baloratu dute egoitza-zentroetako zerbitzua (zehatzago esanda inkestatuen %71,8k) eta, gainera, gomendatuko luketela adierazten dute (%72ren ustez 8tik gorako puntuekin). Bakarrik %2,6k adierazten du ez dagoela gustura egoitza-zentroen arretarekin (duela bi urte pertzepzio hori % 3,5era iristen zen).

Egoitzetako arretaren eta zerbitzuaren kalitatearen balorazioa %2 eta %4 artean hazi da aztertutako parametro guztietan. Horrelakoak aipatzerakoan besteak beste higienea, jantziak, elikadura, osasun-arreta, arreta afektiboa, gizarte-arreta, instalazioak, etab. sartzen dira.

Hala erabiltzaileei nola familiei eskainitako arretaren balorazioari dagokionez iritzia antzekoa da (pixka bat altuagoa familiei eskaintzen zaien arretan, 7,76, erabiltzaileen arlokoa 7,68koa denean) eta duela bi urtekoa baino pixka bat hobea da. Erabiltzaileei ematen zaien arretari dagokionez familiek gehien baloratzen duten alderdia profesionalen tratua da, 8,37 puntuko balorazioarekin.

Familiei emandako arretari dagokionez, inkestatutako ia pertsona guztiek (%94,6) uste dute egoitza-zentroarengandik bere senidearen egoerari buruzko informazioa jasotzen dutela.

Azterlanaren beste alderdi aipagarri batzuk dira, adibidez, adinekoen egoitza-zentroak zentro seguruak direla (8,23), instalazio eta ekipamendu onak dituztela (7,84) eta egoiliarren arreta afektibo, sozial, sanitario eta psikosozial ona dutela (7,62). Halaber, inkestatuen %85,2k uste du zentroak dimentsio egokia duela, eta %75,1ek adierazten du askatasunez aukeratu dutela.

Egindako azterlanean ere zentroetan arreta emateko langile nahikorik dagoen galdetu zaienean hobetu egin da balorazioa, 5,97tik 6,30era. Horri lotuta, hobekuntza-proposamenen artean prestakuntza bezalako alderdietan eragiteko beharra agertzen da, batez ere zainketen dimentsio sozioafektiboari lotutakoa.

Familiek oro har hautemandako hobekuntzak salbuespen bakarra du: bisitetarako denboraren balorazioak behera egin du 7,29 punturekin, 2018an 8,02 puntu eman zituztenean. Horren arrazoia agerikoa dirudi eta pandemiaren egoerak eta kutsatzeak geldiarazteko ezarritako murrizketetatik etorriko litzateke.

  • Foru kudeaketaren balorazioa covid-19aren egoeran

Azkenik, egindako inkestan, kasu honetan Foru Aldundiak covid-19aren osasun-krisian egindako kudeaketaren azterketa espezifikoa sartu da, eta familiek 7,18rekin baloratu dute.

Era berean, egoiliarren senideek oso ondo ezagutzen dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak covid-19aren krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak, batez ere prebentzio-neurriak, esate baterako, profesionalei prebentzio-probak egitea, zentroak garbitzearekin eta desinfektatzearekin lotutako alderdiak edo norbera babesteko ekipamenduez hornitzea, bai eta covid-19an positiboa eman duten egoiliarrentzako unitate soziosanitario espezializatuak martxan jartzea (Birjinetxe eta Unbe) edo familiekin zuzeneko komunikazioa izateko kanal berriak irekitzea ere.