BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 7.122,1 milioi euro bildu ditu 2020ko zerga itunduengatik ekitaldia ixtean. Honek % 10,9ko beherakada suposatzen du aurreko ekitaldiaren itxierarekin alderatuta. Gaur goizean, otsailak 12, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak 2020ko ekitaldiaren likidazioari buruzko nondik norakoak azaldu ditu Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran.

Rementeriak gogorarazi duenez, Covid-19aren pandemiak ekonomian izan duen eragina dela eta, 2020an hautsi egin da diru-bilketaren kopuruak hobetuz burutu den etenik gabeko zortzi ekitaldiko aldia. Datu horretatik abiatuta, esan du seguru dagoela egonkortasuna eta zenbaki positiboak lehengoratuko direla eta horretarako ezinbestekotzat jo du osasuna lehengoratzea eta ziurtatzea. Horretarako pertsona guztien erantzukizuna eskatu du eta guztiok batera irtetea betebehar kolektibotzat jo du, inor atzean geratu gabe.

Rementeriaren arabera osasuna zenbat eta lehenago lehengoratu, orduan eta arinago iritsiko da susperraldi ekonomikoa; arlo ekonomiko horretan adierazle positiboak daude, hala nola txertoak, aurreikuspen ekonomiko itxaropentsuak eta Estatuko aurrekontuetan jasotako laguntzak.

Finantzen Euskal Kontseiluak foru aldundiek Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak likidatu ditu, eta Bizkaiari 4.644,9 milioi euroko ekarpena dagokio. Era berean, Bizkaiak beste 8,6 milioi euro eman dizkio 2020ko ekitaldiko Doikuntzarako Funts Orokorrari. Funts hori, 56,8 milioiz hornitua dagoena, Arabara bideratzen da oso-osorik eta, beraz, bere bilketa-koefizientea koefiziente horizontalaren %99ra iritsiko da.