BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 2,6 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Arrontegiko zubiaren inguruko trafiko pilaketak arintzeko lanak egiteko. Obrak astelehen honetan hasiko dira, otsailak 1, eta hamar hilabetez egongo dira martxan. Lan horien helburu nagusia BI-30 errepidearen edukiera handitzea da, zirkulazio-intentsitate handia jasaten baitu.

Gaur egun edukiera handiko bi bide elkartzen diren tokian esku hartzen du jarduketa honek: BI-30 errepidea (Txorierriko saihesbidea) eta BI-637 errepidea (la Avanzada), Arrontegirako noranzkoan. Bi bideak lau erreirekin iristen dira puntu honetara (bi errei bakoitza) eta hiru erreitan elkartzen dira. 300 bat metro aurrerago, gainera, laugarren errei bat inkorporatzen da, Plaiabarritik BI-735 errepidetik datorren adarrari dagokiona.

Intentsitate handieneko uneetan Arrontegiko zubirako zirkulazio-mugimenduek inbutu-efektua eragiten dute eta bideak asimilatzeko duen gaitasuna gainditzen dute eta kongestio gehiago sortzen dira, batez ere lanegunetako arratsaldeetan (17:00etatik 19:00etara) eta ostiraletako eguerdietan (14:00etatik 15:00etara).

LA AVANZADA ETA TXORIERRIKO SAIHESBIDEAREN KONBERGENTZIA KENTZEA

Arazo horiek arintzeko jarduketa honek BI-30 eta BI-637 errepideen egungo konbergentzia ezabatzen du, eta bi enborretatik datozen lau erreiei Arrontegiko zubirantz jarraipena ematen die. Plaiabarritik datozen ibilgailuak azelerazio-errei berri baten bidez sartuko dira.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2,6 milioi euro inbertitu ditu jarduketa horretan, eta hamar hilabeteko epea aurreikusi du lanak egiteko.

Jarduketa hori osatzeko, obrek eragindako eremu osoko errodadura-geruza berrezarriko da; defentsak berrezarriko dira; erdibitzailean hormigoizko hesi zurrun bat ezarriko da, beste aldeko galtzadan berriki ezarritako arkupe berriak babesteko; argiztapena berrezarriko da; zuntz optikoko kanalizazioak berrezarriko dira; 112,5 metroko luzera eta 3 metroko altuera duen horma ainguratu bat egingo da zabaldu den eremuko eskuineko ezponda bertikalizatzeko, lurren okupazioa handitu gabe; eta eremua birlandatuko da. Arrontegi inguruan zirkulazioaren arintasuna hobetzeko lan horiek egiten diren bitartean, trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragitea azpimarratuko da bereziki, egungo erreien kopuruari eutsiz eta horien zabalera gutxienez 3,30 metrotan mantenduz.