BILBO. Emakumeek kultura-ondarean duten zeregina ikusarazteko helburua duen 'Women's legacy' izeneko foro europarra antolatu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Asteazken honetan ospatu da, urtarrilak 27, eta koronabirusak eragindako egoera dela eta, online egin behar izan da. Foroak datozen hilabeteetan proiektuarekin bat egin duten lau kideekin (Ingalaterra, Frantzia, Eslovenia eta Italia) egingo den lanaren oinarriak ezarri nahi ditu.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, ireki du asteazkenean goizean egin den foroa. Bilbaok azaldu duenez, `Bizkaiko Foru Aldundiarentzat gure ildo estrategikoetako bat emakumeak hainbat esparrutan ikusaraztea da, besteak beste, jakina, kultura-ondarearen esparruan. Estrategikoa, lehentasunezkoa eta zeharkakoa da, esku artean ditugun esparruetatik landu behar duguna eta, egin ere, lantzen ari garena. Emakumeen zeregina eta lana aitortzea funtsezkoa da berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzeko, bai, baina, batez ere, erantzukizun saihestezina da gizarte errealagoa, justuagoa, kohesionatuagoa eta aurreratuagoa eraikitzeko".

Bilbaok adierazi duenez, "Heritage, Women´s Legacy/ Patrimonio, herencia de las mujeres/ Ondarea, Emakumeen Emaria erreferentziazko modeloak batu gura dituan proiektua da, garatzen doguzan lan guztietan irakurketa inklusiboa eta anitza eskaintzeko. Narratiba barria, gizarte guztietako eta garai guztietako emakumeen ekarpenak batuko dauzana, komunidade bati eusten lagundu badabe. Ondare horren zati handi batek bizirik jarraitzen dau. Gure lehentasuna ondare hori etorkizuneko belaunaldientzako zaintzea da". Diputatuak gaineratu du `Etorkizunean irauteko bokazinoa dauka proiektu honek: topaketa hau ez da hemen amaituko; etorkizuneko aliantzak eta kolaborazinoak handitzen jarraitu gura dogu emakumeek kultura ondarean euki daben betebeharra berreskuratu eta horren balioa nabarmentzeko".

Topaketa hiru gai-multzotan garatu da; lehenengoa Ondarearen Europako Jardunaldiak Programari buruzkoa izan da, Europako Kontseiluak sustatzen duen Ondarearen Komunikaziorako hitzordu erregularra. Esparruari dagokionez tokikoak zein nazio mailakoak diren erakunde publiko eta pribatuek, elkarte zibilek eta boluntarioek egindako hainbat ekimen aurkeztu dira. Bigarrenak zeharkako proiektuak erakutsi ditu, garrantzi historiko, artistiko, politiko eta abarrengatik nabarmentzen diren emakumeen profiletatik abiatuta garatzen ari direnak. Hirugarrenak eta azkenak askotariko esperientziak jorratu ditu; esperientzia horien izendatzaile komuna emakumeen hezkuntza, prestakuntza eta kultura-ondarearen sozializazioa dira, eta genero-ikuspegia funtsezko duten programak sustatzen dituzten nazio-, eskualde- eta toki-mailako kultura-ekipamenduak dituzte ardatz.

EMAKUMEEN EMARIA, MUGAZ GAINDIKO PROIEKTU BATEN JATORRIA

Women's Legacy Europe proiektuaren jatorria 2018an ospatutako Ondarearen Europako Jardunaldien kanpainan dago: Ondarea, Emakumeen emaria. Ekimenak izandako arrakastaren ondorioz Bizkaiko Foru Aldundiak arloan sakon lan egiten jarraitzea erabaki zuen. Europako beste herrialde batzuekin aliantzan estrategia eta ekintza-ildo berriak garatzea eta proiektuak plataforma komun batean trukatu eta ikusaraztea proposatu zen. Proiektua Europako Kontseiluaren European Heritage Days programak hautatu zuen mugaz gaindiko programei emandako laguntzen esparruan.