Bizkaiko Foru Aldundia

Bizikletaren erabileraren aldeko apustua berretsi du Bizkaiak

19.01.2021 | 15:28
Ugalde, Larreina, Elkoroiribe, Fernández, Rementeria eta Paul van de Coevering.

BILBO. Aurreko urteetan herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzearen aldeko apustua berretsi egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur goizean

Gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Breda University of Applied Sciences unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Orbeak esperientzia, gaitasunak eta ezagutza batu dituzte bizikleta bidez mugikortasun jasangarria bultzatzeko osatutako lantalde batean. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, lantaldea aurkezterakoan, bizikletaren aldeko apustua egiten duen taldea dela esan du, gizartea eraldatzeko eta Bizkaiko pertsonei beste modu batera bizitzeko eta mugitzeko aukera emateko.

Ildo horretatik, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du bizikleta ez dela helburu bat, modu osasuntsuagoan bizitzeko eta bizi-kalitatea irabazteko bidea baizik. Bizikletaz mugitzea pertsona bakoitzak baloratu eta hartu behar duen erabakia den neurrian, lantaldea erabaki hori bultzatzeko eta errazteko sortu da.

Lantaldearen aurkezpenean hauek hartu dute parte: Jon Fernández, Orbeako zuzendari nagusia, Gorka Ugalde Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendaria, Mikel Larreina Deustuko Unibertsitateko nazioarteko harremanetarako dekanordea, Paul van de Coevering Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko hiri-inteligentziako irakaslea, eta Mireia Elkoroiribe Duragaldeko mankomunitateko lehendakaria. Hain zuzen ere, Durangaldeko mankomunikateak bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko proiektu aipagarriak garatzen ditu udalerriaren eremuan.

Taldearen lana epe luzerako planteatzen den arren, 2021ean proiektuak probatzen hasiko da hainbat arlotan. Besteak beste, Rementeriak hauek aipatu ditu: aholkularitza udalerriei -proba pilotuak egingo dira Getxon, Leioan, Amorebietan eta Portugaleten-, lana teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin, mugikortasunaren arloko prestakuntza sustatzea -ikastaro berezi bat egingo da Deustun-, ekintzailetza eta I+G+b bizikletaren inguruan -Orbeak eta lurraldeko beste eragile batzuek proiektuak garatuko dituzte-, eta kanpainak garatzea ikastetxeetan eta lantokietan. Proiektu horiek guztiak zehatz jasoko dira lantaldea osatzen duten bost erakundeek laster gauzatuko duten hitzarmenean.

BREDA UNIVERSITY OF APPLIED SCIENCES

Paul van de Coeveringek, Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko hiri-inteligentziako irakasleak, goraipatu egin du Bizkaiak lurralde jasangarria eta osasuntsua lortzeko egin duen apustu irmoa, hori lortzeko bizikleta aukeratuz. Ildo horretatik, azpimarratu du hau une egokia dela horretarako, mundu osoko hiri eta eskualde askotan aspaldi ari baitira bizikletan arreta gehiago jartzen. Ahalegin hori gaur egungo osasun-egoeran areagotu egin da.

Bizkaiak bizikletaren eguneroko erabilera bultzatzeko dituen planak handinahiak dira, baina baita errealistak ere; izan ere, konbentziturik eta ondo planifikatuta egin daitezke. Adibide moduan, Ipar Amerikako eta Alemaniako hiriak aipatu zituen, esparru horretan asko aurreratu baitute.

Irakasleak azaldu duenez, Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak ezagutza handia du bizikleta bidezko mugikortasunaren sustapenean, eta eragin zuzena izan du Herbehereetan eskualdeko eta tokiko instalazio eta azpiegituren garapenean, hala nola bizikletentzako bide azkarretan edo aisialdi-guneetan. Eskualde-politiketan hautatutako ibilbideak Unibertsitatearen erremintetan, ezagutzan eta aholkularitzan oinarritzen dira, eta orain Bizkairako pertsonalizatuko dira, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan.

Horrez gain, van de Coeveringek aurreratu duenez, Bredako Unibertsitateak ikasleekin eta Dutch Cycling Embassyko adituekin lan egingo du oinarrizko ezagutzak lortzeko, Aldundiari eta Bizkaiko udalei erabakiak hartzen laguntzeko, bizikletaren kultura berri bat bultzatu ahal izateko.

ORBEA

Orbea Bizkaiko kooperatiba gaur egun erreferentea da munduan bizikletaren industrian. Lurraldearekin duen konpromisoa azpimarratuz, Jon Fernández zuzendari nagusiak baloratu du, proiektu honen bidez, pertsonak bizikleta gainean jartzeaz gain, bizikletaz mugitzea aukerarik onena dela ulertarazi nahi zaiela. Hori dela eta, zuzendariak adieraz duenez, proiektu honen bidez gure kultura aldatu nahi da, eta hiriak, eraikin publikoak eta etxebizitzak eraikitzean bizikleta mugikortasun-elementu moduan kontuan hartzea.

Helburu horrekin, Orbeak proiektu eraldatzaile honen esku jartzen ditu ezagutzak eta baliabideak, Bizkaia bizikleta bidezko mugikortasunaren munduan erreferentzia bihurtzeko ametsa lortzeko adinako bultzada izan dezan.

noticias de deia