BILBO. Urtero bezala, urtarrilaren lehenengo egunean bidesaridun foru bideen tarifak eta erabiltzaileentzako gehieneko gastu-muga igoko dira. Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak igoera horiek eguneratu eta azaldu egin ditu. Tasa berriak 2021eko abenduaren 31era arte egongo dira indarrean.

Gastu-mugaren kasuan Bidesaria programari atxikitako bizkaitarrek hilean 33,45 euro ordainduko dituzte gehienez ordainpeko hiru foru bideetan egindako ibilbideengatik. Halaber, gastuaren muga 48,93 eurokoa izango da hilean AP-8an, Gipuzkoan, edo AP-1ean, Araban, ordaindutako bidesarientzat, betiere bidaia Bizkaian hasi edo amaitzen bada. Aldundiak hileko muga horiek gainditzen dituzten kopuruak itzuliko dizkie erabiltzaileei, zenbatekoa edozein dela ere. 2020an 21.000 pertsona izan ziren Bidesaria dirulaguntzen programan parte hartu zutenak eta hilean 51,29 euroko batez besteko itzulketa jaso zuten.

Jarraian urtarrilaren 1etik aurrera Aldundiak kudeatzen dituen bidesaridun bideetan aplikatuko diren tarifak zehazten dira.

AP-8

Ibilgailu arinen tarifak 0,40 eurokoak dira ibilbide laburrenean (Ermua - Gipuzkoako muga) eta 5,01 eurokoak ibilbide luzeenean (Galdakao - Gipuzkoako muga). Hala, gehikuntza bi eta hamasei zentimo artekoa da.

I. motako ibilgailu astunek 0,73 eta 12,21 euro ordainduko dituzte ibilbide berberengatik, hurrenez hurren; horrek esan nahi du 0,03 eta 0,47 euro gehiago direla.

II. motako ibilgailu astunek 0,84 eta 13,76 euro ordainduko dituzte ibilbide horietan, hurrenez hurren, eta 2020an indarrean zeuden tarifak 0,03 eta 0,53 euro igoko dira.

METROPOLIAREN HEGOALDEKO SAIHESBIDEA

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea doakoa da 00:00etatik 06:00etara.

Egunaren gainerako orduetan ibilgailu arinek 0,57 euro ordainduko dituzte ibilbide laburrenengatik (Bilbo Ekialdea - Bilbo Hegoaldea eta Bilbo Hegoaldea - Ortuella), hau da, egungo tarifa baino hiru zentimo gehiago. Ibilbide luzeenagatik (Bilbo Ekialdea - Santurtzi) 1,39 euro ordainduko dituzte, sei zentimo gehiago.

Ibilbide horiengatik, I. motako ibilgailu astunek 2,12 eta 5,07 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren, eta 2020ko tarifa 0,09 eta 0,22 zentimo igo da. II. motako ibilgailu astunek 2,40 eta 5,72 euro (0,10 eta 0,25 gehiago) ordainduko dituzte.

ARTXANDAKO TUNELAK

Artxandako tunelak doakoak dira 00: 00etatik 06: 00etara.

Mota guztietako ibilgailuentzako tarifak lau zentimo igoko dira; ibilgailu arinen kasuan 1,27 euro, eta 1,34 euro I. eta II. motako ibilgailu astunen kasuan.