BILBO. Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko hartu behar izandako neurriak arintzen doaz pixkanaka-pixkanaka. Hala, datorren astelehenetik aurrera, abenduak 21, Bizkaibusek ibilgailuen aurreko ateak irekiko ditu berriro, erabiltzaileek bertatik sar daitezen. Bidaiariek eskudirutan erosi ahal izango dute noizean behingo txartela baita ere.

Orain posible izango da Bizkaiko hiriarteko lineen flota osatzen duten 336 autobusen gidatze-postuetan babes-manparak instalatzeko lanak amaitu direlako.

"Horrela Bizkaibus ohiko funtzionamendura itzultzen da, pandemiaren hasieran erabiltzaileak eta langileak ustezko kutsatzeetatik babesteko hartutako neurrien ondorioz aldatu ondoren", azaldu du Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak.

Gogoratuko den moduan, martxoaren 15ean hartutako Covid-19aren aurkako babes-neurrien artean gidari-postuaren eta gainerako bidaiarien arteko bereizketa fisikoa zegoen. Horretarako beharrezkoa izan zen aurreko atetik sartzea eta eserlekuen lehen bi lerroak erabiltzea debekatzea, eta eskudiruzko ordainketa kendu zen, inolako kontakturik egon ez zedin.

Bizkaibusen instalatutako babes-manparak beirazkoak edo plastikozko material gardenezkoak dira eta karrozeria-eredu bakoitzari egokitutako diseinu-ezaugarriak dituzte, ibilgailuaren homologazio-baldintzekin bat datozela bermatzen dutenak. Halaber, gidarien eta erabiltzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen dute eta, ondorioz, noizbehinkako txartela segurtasun osoz jaulki eta kobratu ahal izango da.

GEL HIDROALKOHOLIKOA

Datorren astetik aurrera, halaber, Bizkaibusek Barik kargatzen duten pertsona guztien artean zerbitzuaren kabina guztietan edo Bezeroaren Arretarako Bulegoetan eskuak garbitzeko dosi bakarreko toallatxo hidroalkoholiko higienizatzaile bat, covid-19aren aurkako osasun-gomendio batzuk ematen dituen 2021eko egutegia eta txartelentzako zorro babesle bat banatuko ditu.