BILBO. Gaur goizean, abenduak 14, Larraskitu AP-68 errepidearekin Betelurin lotuko dituen Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen 1B tartea hornitzeko kontratua lizitatu egin du Interbiakek.

Tarte horretako superregitura instalatzeko lehiaketa 36 milioi eurokoa da eta bi lote hauetan banatuta dago: lehenengoa, argiteria, aireztatze eta suteen aurkako babes instalakuntzen lotea da. Bigarrena, segurtasunaren, zaintza eta kontrolaren, bidesariak kobratzeko sistemaren, komunikazio sarearen eta kontrol zentroaren lotea da.

Tarte berria hornitzeko, Interbiakek, gaur egun errepideetako tuneletako segurtasunean ezartzen diren irizpideak gehitu ditu eta jarduketa berritzaileak gehitu ditu baita ere teknologia berriak ezartzeko, azpiegitura digitalizatzeko eta azpiegitura jasangarriagoa egiteko. Era berean, lizitatzaileei, jarduketa berritzaileak gehitzeko eskatu die, besteak beste, tuneletan obran zehar dauden pertsonak kontrolatzeko sistema edo edukieren datuak jasotzeko baliabide berriak eta intrusiboak ez diren teknologien bitartezko kontrol bisuala.

Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak, Imanol Pradalesek, hauxe esan du: "2023an, zati hori ekipamendu oso berritzaile batekin jarriko da martxan, eta eskura dauden azken teknologiak erabiliko dira energia-efizientzia handiagoa lortzeko, ingurumen-inpaktuak minimizatzeko eta erabiltzaileen segurtasuna indartzeko. Horretarako, aldundiak 36 milioi euro inbertituko ditu Supersur-AP68 konexioko instalazio teknologikoetako ekipoetan, Bizkaian azken belaunaldiko autobidea lortzeko".

FREE-FLOW ORDAINLEKUA

Berritasun nagusietako bat da MHSn egongo den Bizkaiko lehenengo free-flow ordainlekua. Langarik gabeko kobratze sistema horren bitartez, ibilgailuak ez dira gelditu beharko eta ez dute abiadura moteldu beharko, ondorioz, trafikoaren segurtasuna eta arintasuna hobetuko direlarik kobratzeko ohiko sistemarekin alderatuz.

Ordainlekuetako atariak Betelurin egongo dira, eta MHSren eta AP-68 errepidearen artean igarotzen diren ibilgailu guztiak erregistratuko dituzte, baita ere Trapagarango, Kadaguako igarobideko eta Larrakistuko MHSrako sarreretako ibilgailuak.

29 KAMERA TERMIKO

Arnotegikoak (1.920 eta 1.950 m) eta Seberetxekoak (608 eta 620 m) kamera termikoak izango dituzten Bizkaiko lehen tunelak izango dira. Kamera horiekin, ikusgarritasun baldintzak txarrak direnean tuneletan gertatzen ari dena ikus daiteke, adibidez, kea dagoenean, izan ere, gorputzek edo objektuek sortzen duten bero erradiazioa detektatzen dute. Segurtasunerako oso garrantzitsua da, izan ere, suteak gertatuz gero, kamera horiekin, larrialdietako lantaldeek eta kontrol zentroko langileek, une oro jakingo dute tunelen barnean zer ari den gertatzen. 29 kamera termikoen artean 150 metroko distantzia egongo da, eta, hala, lau hodiak guztiz estalita egongo dira, tuneletako bost kilometro estaliz, hain zuzen ere.

Kamera termikoez gain, tuneletan 34 kamera mugikor eta 68 kamera finko egongo dira arazoak modu automatikoan detektatzeko. Barneko segurtasun ekipamenduaren artean nabarmentzekoa da baita ere 100 sute-aho ekipatu, 64 panel gurutze-gezi, abiadura mugak kontrolatzeko 40 panel, 50 SOS zutabe eta megafoniako 215 bozgorailu egongo direla.

3.993 LED ARGI

Argiteria MHSko beste elementu nabarmenetako bat da. Tarte berrian, bai tunelean bai aire zabalean, 2.554 LED argi jarriko dira; sodiozko bapore lanparak baino eraginkorragoak dira eta abantaila gehiago dituzte, bereziki, adierazle kromatiko altua, berehala pizteko aukera eta erregulazio maila handia. Azken alderdi horri esker, aurrezpen energetikoa gehituko da, izan ere, tuneletako argiteria, trafikoaren, meteorologiaren edo kanpoko argiteriaren baldintzetara egokituko da.

Arnotegiko eta Seberetxeko tuneletan 1.755 argi jarriko dira eta beste 552 argik hodi barneetako ebakuazio bideak argituko dituzte. Aire zabalean, MHSk 247 argi izango ditu. Bolintxuko (161 eta 141 m) biaduktukoak bereziak izango dira eta altuera baxuan jarrita egongo dira, ingurumen inpaktua gutxitzeko.

Bestalde, Interbiakek MHSren 1B fasearen ekipamenduarentzat lizitatutako kontratuan jasota dago Trapagaran-Larraskitu arteko tartean, aire zabalean funtzionatzen dauden 1.439 argien ordez LED lanparak jartzea.

26.500 METROTAN ZUNTZ OPTIKOA JARTZEA

Arnotegiko eta Seberetxeko tunelen kudeaketa eta monitorizazioa Bizkaiko trafikoa kontrolatzeko lau zentroetako edozeinetatik egin ahal izango da, "Trafikoa" izeneko kudeaketa sistema zentralizatuari esker. Horrela, bada, Peñaskaleko MHSren erreferentziako kontrol-zentroan gertatzen den edozein gorabeherak ez du eraginik izango erabiltzaileen segurtasunean, ez eta azpiegituran ere.

Kudeaketa zentralizatua ziurtatzeko, MHSren zati berrian komunikazio-sare bat zabalduko da zazpi nodo nagusirekin: 48 switch eta zuntz optikoko 26.500 metroko kablea. Kudeaketa zentralizatuko sistemak 2 PLC, 83 banatutako goiburu, 5.881 seinale digital eta 562 seinale analogiko kontrolatuko ditu.

Kudeaketa-sistemari esker, halaber, Arnotegiko eta Seberetxeko tuneletako 87 haizagailuek edozein zentrotatik jardun ahal izango dute. Horien funtzioa hodien barneko fluxuak eta airearen berrikuntza behar bezala erregulatzea da.

BIM TEKNOLOGIA

BIM teknologiaren erabilera (eraikuntza informazioko eredua ingelesezko siglekin), Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura berri guztiak eraikitzeko ezarritako baldintzetako bat da. MHSn BIM lehen aldiz erabiliko da superregituraren proiektuan; horrela, bien arteko edozein talka-puntu aldez aurretik aurreratu eta konpondu ahal izango da.

Hala, kameren, haizagailuen, sute-ahoen, seinaleen, argien, eta abarren instalakuntza behar bezala egokituko da azpiegiturara, eta, gainera, martxan dagoenean, mantentze-lan eraginkorragoak egiteko aukera emango du.