BILBO. Egun gutxi barru, Olentzero helduko da euskaldunen etxeetara opariak uzteko. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak jostailu sexisten aurkako sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan, umeek askatasunez jolas dezaten animatzeko.

Kanpainaren leloa honako hau da: "Beren ametsek ez dute mugarik. Zeuk mugatuko dituzu? Ez aukeratu jostailu sexistarik", eta kanpainaren irudia astronautaz jantzitako neskato batek eta izotz-patinak daramatzan mutiko batek osatzen dute.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, defendatu du ez ditugula haurren jolasetan protagonistak diren "ametsak mugatu behar, haien etorkizunari mugarik jarri ez diezaiogun".

Kanpaina horren bidez azaldu nahi da, hain zuzen ere, jolasen bidez eraikitzen direla haurren ideiak, usteak, balio sozialak, itxaropenak, beharrizanak eta jarduteko-ereduak; hori dela eta, jolasaren eta jostailuen gaineko kontzientzia sortu behar dugu, bizitzaren lehenengo urteetan zehar baterako hezkuntzarako eta berdintasunerako tresnak baitira.

Gabon garai hauetan jostailu asko oparitu ohi da, baina jostailuok ezin dituzte betikotu gure neska-mutilen bizitza eta etorkizuna baldintzatzen eta mugatzen dituzten estereotipoak.

Jostailuak berdintasunerako tresna bilakatu behar dira, hartara, haurren izaera eraikitzen lagun dezaten askatasunez, aukera sorta zabalarekin eta genero mugarik edo baldintzarik jarri gabe. Pertsonen balio-berdintasunean oinarrituta heztea proposatzen du kanpainak, adingabe bakoitzaren gaitasunak eta banakotasunak onartuz, sexua edozein dela ere, eta pertsonaren garapen integrala bilatuz, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita.

Hainbat komunikabideren bidez ari da kanpaina plazaratzen, hala nola egunkarien, irratien eta sare sozialen bidez, baita Metroan, Euskotrenen, Bizkaibusen eta Renferen aldiriko trenetan jarritako kanpoko publizitatearen bidez ere.

Horrez gain, Bizkaiko jostailu-denda askotara kartelak bidali dira kanpainaren irudiarekin. Era berean, kartelak banatu zaizkie Foru Aldundiaren hainbat egoitzari, emakume-elkarteei eta bestelako elkarteei, sindikatuei, fundazioei eta gure lurraldeko udalei.