BILBO. Siriarako eta Honduraserako bideratutako nazioarteko larrialdietarako laguntzarako bi partida bideratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, bertako krisi-humanitarioen ondorio pertsonal, ekonomiko eta sozialak arintzeko.

Bi proiektu berrien kasuan bakoitzak 20.000 euroko zuzeneko dirulaguntza jasoko du, eta ETA urakanak zigortutako Honduras aldera eta Siriara, kasu honetan covid-19ak eragindako kaltea geldiarazteko, doaz.

Bi proiektuak bidezko deialdiaren barruan onetsi ziren beste zortzi proiektuei gehitu zaizkie; izan ere, hamar proiektuk ia 660.000 euroko inbertsioa eragiten dute 2020 honetan.

Hondurasko proiektua Oxfam Intermon Fundazioak garatuko du eta "Colónen (Honduras) Eta urakana erasandako familiek erresilientzia eta euren bizitzak babesteko gaitasunak areagotzea" izena du. Proiektuak helburu hauek ditu: bizitzak salbatzen laguntzea, sufrimendua arintzea eta krisi eta hondamendien pilaketak Erdialdeko Amerikako herrialde ahulenean dauden familiengan eragindako inpaktua murriztea.

Hain zuzen ere, Eta urakanak gehien kaltetutako familien gaitasunak eta baliabideak hobetu nahi ditu, oinarrizko babes-, elikagai-, ur- eta saneamendu-beharrak asetzeko, giro duin eta seguru baten. Guztira, 630 pertsona izango dira uraren, elikaduraren eta babeslekuaren arloko beharrak asebeteta izango dituztenak, genero-indarkeriarik gabeko gune seguru bat sustatuz.

Pertsona horiek desinfekziorako kloroz eta 160 familiari ura segurtasunez garraiatzeko eta biltegiratzeko baldez osatutako kitak jasoko dituzte. Halaber, 126 kit banatuko zaizkie 126 familiari, koltxoneta, ohazal, plastiko eta eskuoihalez osatuta.

Proiektuak sentsibilizazio- eta trebakuntza-jarduerak jasotzen ditu, larrialdi-egoeretan genero-indarkeria prebenitzeko. Jarduera horiek esku hartzeko guneetako aterpetxeetan eta erkidego-mailan egingo dira.

UNRWA

Siriako proiektuaren kasuan UNRWAko Espainiako Batzordearekin garatzen da, honako epigrafe honekin: "Covid-19aren pandemian zehar Sirian errefuxiatuta dauden Palestinako biztanleei osasun-arreta bermatzea".

Helburua da Sirian dauden Palestinako errefuxiatuen osasunerako eskubidea zaintzea covid-19aren egoeran, bi hilabetez lanaldi osoko sei erizainen lanaren bidez.

Kontratazio horri esker, osasun-langile osagarriak izango direla bermatu ahal izango da, osasun-zerbitzuak arintasun handiagoz emateko eta pilaketa ahalik eta txikiena izateko, birusa transmititzeko aukera murrizteko ahaleginean.

Kontratatutako langileek osasun-zentro bateko eguneroko eginkizunak beteko dituzte, eta berariazko zerbitzuak emango dituzte, covid pazienteak bereizteko eta paziente horiek detektatzeko eta bideratzeko.

DIRULAGUNTZEN DEILADIA

2020ko deialdian, beste zortzi proiektu finantzatu dira, guztira 618.159,59 euro, ekintza humanitarioko proiektuak egiteko eta larrialdi-premiei erantzuteko (hondamendi naturalen edo gatazka armatuen ondorioz CADeko Laguntza Hartzaileen Zerrendako herrialdeetan sortuak).

  • Niger: krisi humanitarioa Diffan.
  • Siria: larrialdiko eskudirua Palestinako errefuxiatuen biziraupenerako.
  • Senegal: Nguéniène komunako muturreko lehorteak kaltetutako familientzako larrialdietarako elikagai-laguntza.
  • Etiopia: haurren, emakume haurdunen eta bularreko haur errefuxiatuen nutrizio-baldintzak hobetzea.
  • Filipinak: Boholedako Laguntza Humanitarioa.
  • Uganda: osasunaren arloan sarbidea eta estaldura indartzea, bai eta VsBGri erantzutea ere, Kyaka IIko RDCren krisi humanitarioaren esparruan.
  • Aljeria: eskola-gosarien programa: saharar errefuxiatuen artean egoera ahulenean dauden taldeei nutrizio-laguntza bermatzea.
  • Libano: berreraikuntza, bizibideak eta genero-ekitatea Libano Hegoaldeko asentamendu informaletan.