BILBO. Hain garrantzitsua den lehen sektorea babestu eta indartzeko neurriak hartuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako, 3.694.000 euroko inbertsioa egingo du, eta nekazaritza-ustiategietako inbertsioak eta gazteak lehen sektorean sartzea izango dira bere erronka nagusiak.

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatzen ditu laguntza horiek, eta bi helburu dituzte: alde batetik, nekazaritza-ustiategien egitura modernizatzea eta ekoizpen-prozesuetan teknologia berriak sartzea, eta, bestetik, ekoizpen-sektorea gaztetzea, belaunaldien arteko ordezkapena eta gazteak eta emakumeak lehen sektorean sartzea bultzatuz.

Dirulaguntza sorta horren zenbateko garrantzitsuena inbertsiorako laguntzetara bideratutakoa da. Laguntza horiek nekazariei eta ustiategi profesionalei zuzenduta daude, eta 3.094.000 euro dira guztira. Horien bidez, honako inbertsio hauek finantzatuko dira: uraren kontsumoa murrizten duten ureztatze-instalazioei lotutakoak, produktuaren kalitatea hobetzeko uztaren biltegiratzea hobetzekoak, lanaren produktibitatea hobetzeko modernizazio- eta mekanizazio-jarduketak, nekazaritza-lurzoruaren kudeaketan eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko makineriaren erosketa, ustiategian kontsumitzeko bioenergiaren ekoizpena, ekoizpenen kalitatea hobetzea eta elikagaien segurtasuna indartzea edo atmosferara egiten diren emisioak murrizteko jarduerak, besteak beste.

Sektoreko profesional bakoitzak inbertsioetarako gehienez 85.000 euroko laguntza jaso ahal izango du.

Gazteak nekazaritza-sektorean sartzeko laguntzei dagokienez, laguntza horiek 18 eta 41 urte bitarteko pertsonei zuzenduta daude, baldin eta egiaztatzen badute titulu akademikoak lortu dituztela Bigarren Mailako Lanbide Heziketako nekazaritza-adarrean edo erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-ziklo batean, edo bi urte baino gehiago eman dituztela beste nekazari baten ustiategian edo hirugarrenen ustiategietan lan egin dutela. Pertsona horiek, gainera, aldez aurretik onartutako enpresa-plan bat egina izan beharko dute, Gaztenek 2015-2020 prozeduran aurreikusitako baldintzak betez. Prozedura hori gauzatzen ari da EAEn, gazteak lehen sektoreko jarduerara sartzeko laguntza eta tutoretza eman nahian.

Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da, gutxienez, jardueraren lehenengo bi urteetarako soldata gisa, eta kopuru horretatik aurrera, dirulaguntza hainbat kopuru-tartetan handitu ahal izango da, 70.000 euroraino gehienez, hautaketa-irizpideak baloratzean enpresa-planari ematen zaizkion puntuen arabera.

Laguntza horiek eta inbertsiorako laguntzak norgehiagoka-erregimenean ematen dira, eta horiek eskatzeko epea 2021eko otsailaren 12an amaituko da.