BILBO. Eremu gorrian dauden udalerrietan bizi diren eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzarako neurri berriak abiarazi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.

Joan den astearteko Gobernu Kontseiluan bi foru dekretu aldatu ziren eta gaur argitaratu dira, neurriak artikulatzen dituen Foru Agindu berriarekin batera. Dekretu horien bidez, Bizkaiko Lurralde Historikoko gizarte-zerbitzuen sistemaren beraren laguntza, babesa, orientazioa eta baliabideak eskaini nahi dira, ohikoa baino arinago, gaur egungo egoera kontuan hartuta.

Gaur egun mugikortasuna murriztuta dago eta, aldi berean, birusaren transmisioa handia da eta egoera horrek eragin berariazkoak ditu lurraldeko zenbait eremutan, eta horren ondorioz mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaileak Bizkaiko Lurralde Historikoko gizarte-zerbitzuen sistemaren baliabideak inoiz baino beharrezkoagoak diren egoeretan egon daitezke. Horrez gain, egiaztatu da mendetasun-egoeran dauden pertsonak bereziki ahulak izan daitezkeela Covid-19arekin kutsatuz gero.

Horrek guztiak prestazio eta zerbitzu horiek azkar izapidetzeko bide arinak eskatzen ditu; aldi baterako prestazio eta zerbitzu horiek berebiziko garrantzia izan dezakete pertsona horientzat eta haien bizi-proiektuentzat.

Horrela, mendetasun-egoeran dauden eta '5. maila' deklaratutako herrietan (herri horietan metatutako intzidentzia-tasa 500 kasu baino handiagoa da 100.000 biztanleko) bizi diren pertsonei deiak egiten hasteaz gain, pertsona horien egoerari buruzko informazioa biltzeko, beharrizanak hautemateko eta laguntza, babesa eta orientazioa eskaintzeko, familia-giroko zaintzarako prestazio ekonomikoaren onuradunak azkar sar daitezke eguneko zentroetan edo egoitzetan aldi baterako egonaldietan. Deiak, ondorio guztietarako, aldi baterako zerbitzu horien eskabide-dokumentu gisa erabili ahal izango dira eta "Gizarte Ekintza Saileko funtzionarioek izapidetuko dituzte", Foru Aginduak ezartzen duen bezala.

Foru agindu berri honetan jasotako neurriak aplikatuko zaizkie udalerri bat 5. mailan deklaratzean egindako eskaera guztiei, eta indarrean iraungo du egoera horrek dirauen bitartean.

Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak gogoratzen du 94 406 60 00 telefono zenbakia mantentzen duela, eta arlo horretako informazioa edo laguntza behar izan dezakeen lurraldeko edozein pertsona erabil dezakeela.

Bizkaian, gaur egun 21.500 pertsona baino gehiago daude mendetasun-egoeran, etxean erreferentziazko zaintzaile bat dutenak eta familia-giroko zaintzarako prestazio ekonomikoaren onuradunak direnak. Etxean zaindutako mendeko pertsonen %40k 85 urte baino gehiago ditu, eta %72k 65 urte baino gehiago.