Síguenos en redes sociales:

Prozesua martxan jarri du

Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana gauzatzen hasi da Laudioko Udala

Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana gauzatzen hasi da Laudioko UdalaLaudioko Udala

LAUDIO. Laudioko Udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (PMUS) egiteko lehenengo pausua ematen hasi da dagoeneko. Ekimen honen xede nagusia hiri-mugikortasun osasungarriagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa sustatzea da.

Plana prestatzeko prozesua bi plano bereizitan gauzatuko da: plano teknikoa eta plano sozial eta parte-hartzailea. Ander Larrinaga Antolakuntza Publiko eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak jakinarazi duenez, “Ikuspuntu teknikotik, lehenik eta behin egoeraren diagnostikoa egingo da, Laudiok gaur egun duen mugikortasun ereduaren erradiografia zehatza lortzeko. Ondoren, jarduera-plan bat egingo da, diagnostikoan jasotzen diren erronkei aurre egiten lagunduko duten neurri zehatzekin”.

PARTE-HARTZE PROZESUA

Prozesuaren beste gakoa herritarren parte-hartzea izango da. “Udalak funtsezkotzat jotzen du Plana laudioarrekin elkarlanean egitea. Hori dela eta, parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan, mugikortasunaren arloan herritarren ekarpenak, iritziak eta iradokizunak jasotzeko”, iragarri du zinegotziak.

Lankidetza- eta partaidetza-espiritu horretatik abiatuta, “Udalak inkesta anonimo bat banatuko du Laudioko hainbat etxetara, herritarrek udalerrian dituzten mugikortasun-ohiturak ezagutzeko, eta horiek abiapuntu gisa erabiliko dira egoeraren diagnostikoa egiteko”.

“Udalak uste du PMUSek mugikortasun eredu osasungarriagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa diseinatzeko balioko duela, azken finean, Laudioko herritarren bizi-kalitatea hobetuko duena”, bukatu du Ander Larrinagak.