BILBO. 2022ko urtarrilaren 1ean derrigorrezkoa izango da Bizkaiko enpresa eta langile autonomo guztientzako Batuz sistema ezarrita izatea. Bada, atzo, urriak 1, Foru Ogasunarekiko harreman-sistema berrira borondatez egokitzeko aldia hasi zen. 100.000 enpresa eta autonomo inguruk hasi dezakete froga-garai hau.

Jose Maria Iruarrizagak, Ogasun eta Finantzen diputatuak, adierazi duenez, zergadun bakoitzak Batuz ezartzeko egin beharreko aldaketak zein unetan egingo dituen aukeratu ahal izango du, kontuan hartuta epemuga 2022 urtea dela. Ildo horretatik, esan du uste duela denbora nahikoa dela eta gogorarazi du hasieran planteatutako probaldia sei hilabetekoa zela, eta hamabost hilabetera arte luzatu dela jarduera ekonomikoak egiten dituzten eta aldi berean Covid-19 pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egin behar dieten pertsonen sistemarekiko egokitzapena errazteko.

Era berean, enpresek eta profesionalek kontuan izan behar dute Batuzen ezarpenarekin lotutako 2020. edo 2021. urteetako gastu edo inbertsioetarako zerga-kenkariak dituztela. PFEZren edo Sozietateen gaineko Zergaren kuotaren kenkari horiek gastuaren edo inbertsioaren %30ekoak izango dira ekipamenduak eta terminalak eta horiei lotutako softwareak eta periferikoak erosteko, baita sinadura elektronikoko softwarea erosteko ere, bi kasuetan instalatzea barne.

Iruzurraren aurkako borroka eta zergadunaren laguntza hobetzeko Bizkaiko Foru Ogasunak diseinatu duen Batuz sistema urriaren batetik aurrera pixkanaka aktibatuko diren hiru elementuk osatzen dute: TicketBAI fakturazioa kontrolatzeko sistema, eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua eta aitorpenen zirriborroak.

FAKTURAZIOA KONTROLATZEKO SISTEMA

TicketBai fakturazioa kontrolatzeko sistemak kontabilitate bikoitzeko softwarearen bidez salmentak ezkutatzea eragozten du, ELGAk zerga-oinarrien higaduraren aurka egiteko egindako gomendioei jarraituz, iruzur egiteko modu nagusietako bat baita. Sistema honek faktura guztiak kode enkriptatu batekin etiketatzen ditu eta faktura bakoitza aurreko eta ondorengo fakturekin kateatzen du eta, beraz, ezin da ezkutatu.

Bizkaiko edozein enpresa edo profesionalek gaurtik aurrera egin ditzake salmentaren edo zerbitzu-ematearen fakturak sinadura elektronikoko sistema hori erabiliz, baina ez da derrigorrezkoa izango 2022ko urtarrilaren 1era arte. Horretarako irailaren 9ko 1482/2020 Foru Aginduan ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituen fakturazio-programa bat erabili beharko du. www.batuz.eus webgunean Foru Ogasunak eskatutako zehaztapenak betetzen dituzten fakturazio-programen erregistro bat argitaratzen du eta eguneratuta dauka; beraz, merkatuan horrelako software bat erosi aurretik zerrenda horretan horien baliozkotasuna kontsultatzea gomendatzen du.

Urtean faktura kopuru handia jaulkitzen ez duten zergadunei zuzenduta, Foru Ogasunak aplikazio bat gaitu du ezarritako baldintzak betetzen dituzten fakturak jaulkitzeko. Aplikazio hau www.batuz.eus webgunean bertan dago eskuragarri, doakoa eta erabilera errazekoa da, eta urtean gehienez ehun faktura jaulkitzeko aukera ematen du.

Kontsumitzaileek erraz ezagutu ahal izango dituzte Batuz sistemarekin jaulkitako fakturak, QR kodea izango baitute. Kode hori sakelako telefonoaren kamerarekin aktibatzean kontsumitzaileak fakturan jasotako informazioa eskuratu ahal izango du eta, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, ogasunari behar bezala aitortu zaion jakin.

ERAGIKETA EKONOMIKOEN ERREGISTRO-LIBURUA

Batuzek enpresen egunerokotasunean dakarren beste berrikuntzetako bat da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu bat osotu behar dela, erosketak, salmentak eta finantza-eragiketak jasotzeko. Erregistro-liburu hori ezarrita, 240 eredua, Bizkaiko Ogasunak parekatu egiten ditu enpresen zergen arloko betebeharrak eta langile autonomoek lehendik dituztenak, 2014tik 140. eredua aurkeztu behar dutelako.

Enpresek bezala, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, langile autonomoek ere nahitaez bete beharko dute eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan. Aldaketa hori prestatzeko, enpresek eta profesionalek azarotik aurrera beharrezko probak egin ahal izango dituzte.

AITORPENEN ZIRRIBORROAK

Batuzek duen hirugarren elementuaren bidez enpresa eta langile autonomoen eskura jartzen dira aitorpenen zirriborroak. Horrela Bizkaiko Ogasunak jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunei laguntza handiagoa ematen die, besteren konturako langileei dagoeneko eskaintzen dienarekin parekatuz. Horrela, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, eginda emango ditu BEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenen zirriborroak, enpresen kasuan, eta BEZaren eta PFEZaren aitorpenen zirriborroak, profesionalen kasuan.