“Gorringo bako arrautza da euskara bako Bizkaia”, abestu zuen atzo Onintza Enbeita bertsolariak, figuratiboa eta esanguratsua den konparaketaren bidez, Bizkaiak Euskaraldiarekin bat egiten duela antzezteko ekitaldian. Bizkaiko Foru Aldundiaren gidaritzapean Euskalduna Jauregiaren urmaelean ospatu zen ekimenean, azaroaren 20tik abenduraren 4ra bitartean egingo den euskararen aldeko ekimena babestu zuten arlo politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko 50 bat kidek. Adierazi zutenez, aurreko edizioan 80.000 pertsonek parte hartu zuten lurraldean, 16 urtetik gora dutenen %8ak, alegia. Zifra horiek hobetze aldera, bizkaitarrak Euskaraldian parte hartzera gonbidatu zuten.

“Bi hilabete eskas falta dira Euskaraldia hasteko. Gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, euskararen erabilera handitzeko. Guztion ardura da euskara indar-tzea, sustatzea, zabaltzea eta zain-tzea. Denon ardura da, gutariko bakoitzarena”, adierazi zuen Ibone Bengoetxeak, Herri Administraziorako Erakunde Harremanetarako diputatuak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin batera. “Gaur elkartu garen entitateetako ordezkariok bat egiten dugu Euskaraldiarekin. Eta, gainera, Bizkaiko gainon-tzeko entitateak eta herritarrak animatu gura ditugu eurek ere bat egin dezaten”, gaineratu zuen.

Ekitaldia Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatzak abestu zuen Aita Donostiaren Zeruan eder ilargia abestiarekin hasi zen. Atxikimendua erakusteko, zenbait erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten, hala nola: Athletic, Mendifilm, Bizkaiko museoak, Eudel, Euskalit, unibertsitateak, euskaltegiak, BOS, Euskaltzaindia, komunikabideak, arte eszenikoetako pertsona ezagunak, euskara, merkataritza eta industria arloetako elkarteak eta finantza arloko ordezkariak. Argazki jendetsua ateratzeko, Onintza Enbeitak ahobiziren rola irudikatu zuen, bertso baten bidez, eta Eder Aurre diseinatzaileak belarriprest rola hartu zuen berak egindako diseinu baten bidez. Gainera, Eramiak izeneko foru erakundearen partaide diren langile bik arigune figura ikustarazteko ardura hartu zuten.

Izan ere, aurten rol berria egongo da. “Talde konpromisoa adierazten du, gune horretan euskara egin daitekeela bermatzen dute. Guk argi daukagu Bizkaiko Foru Aldundian. Dagoeneko identifikatuta ditugu 120 arigune gure instituzioan, 450 langile prest konpromisoa hartzeko”, gogoratu zuen Ibone Bengoetxeak ekitaldian. Beraz, ideia Euskaraldiaren praktika sozialak irauten duen 15 egunetan %100ean euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen duten talde naturalek ekitaldiarekin bat egitea da.

“Orain bi urte 80.000 lagunek hartu genuen parte Bizkaian, 16 urtetik gorakoen %8ak, alegia. Oso datu ona da, baina hobetu dezakegu zifra hori. Bizkaitarrok euskararen erabilera handitzeko erronkari aurre egin gure diogula erakutsiko dugu. Erronka polita eta erraza da”, adierazi zuen. “Ahalik eta herritar gehienek konpromisoa hartzea lortu behar dugu, hamabost egunean zehar euskararen erabilera handi-tzeko. Eta ahal den neurrian, urteko beste egunetara ere eraman dezatela”, bukatu zuen Herri Administraziorako eta Erakunde Harremaneratako diputatuak.

Euskaraldia

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da euskararen erabilera susta-tzeko helburua duen ekimena.

Ariguneak

Aurreko edizioan martxan jarritako ahobizi eta belarriprest rolez gain, honakoan ariguneak ere egongo dira: euskararekiko konpromisoa hartzen duten taldeak.

Bizkaia

Lehen edizioan 80.000 bizkaitarrek parte hartu zuten Euskaraldian, 16 urtetik gorakoen %8ak. Edizio honetan parte hartzea handitzeko erronka dago.