BILBO. Azaroaren 20tik aurrera ospatuko den eta euskara sustatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gainera, bizkaitar guztiei egitasmo horretan parte hartzera gonbidatu ditu.

Bilboko Koral Elkarteko 'Euskeria' abesbatzak Aita Donostiaren 'Zeruan eder ilargia' abestiarekin hasi zen Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua buru izan zuen ekitaldia, eta bertan, euskaraz hitz egiteko, partekatzeko eta lan egiteko konpromisoa berretsi zuen Foru Aldundiak.

Ibone Bengoetxeak azaldu zuenez, "guztion ardurea da euskara indartzea, sustatzea, zabaltzea eta zaintzea. Danon ardura da, gutariko bakoitzarena. Gaur alkartu garean entitateetako ordezkariok bat egiten dogu Euskaraldiarekin. Bat egiten dogu, eta gainera Bizkaiko gainontzeko entitateak, eta herritarrak animatu gura doguz eurak be bat egin dagien. Ekitaldi publiko honegaz Bizkaiko herritarrei gonbitea luzatu gura deutsegu, parte hartzera animatu gura doguz. Orain bi urte 80.000 lagunek hartu gendun parte Bizkaian, 16 urtetik gorakoen %8a alegia. Oso datu ona da baina hobetu daikegu zifra hori. Bizkaitarrok euskararen erabilera handitzeko erronkari aurre egin gura deutsogula erakutsiko dogu".

Atxikimendu ekitaldian 50 bat ordezkari politiko, ekonomiko, sozial eta kultural izan ziren, besteak beste. Hala, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta zenbait erakundetako ordezkariak izan dira bertan: Athletic, Mendifilm, Bizkaiko museoak, Eudel, Euskalit, unibertsitateak, euskaltegiak, BOS, Euskaltzaindia, komunikabideak, arte eszenikoetako pertsona ospetsuak, euskara, merkataritza eta industria arloetako elkarteak eta finantza arloko ordezkariak.

Euskaraldiaren bigarren edizio honetako berrikuntza gisa, aurtengoan posible da Euskaraldiaren praktika sozialak irauten duen 15 egunetan %100ean euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen duten enpresetan edo hainbat erakundetan kokaturik dauden talde naturalek ekitaldiarekin bat egitea. Euskararekiko konpromiso hori hartzen duten talde horiei 'arigune' deitzen zaie. Foru Aldundian ehundik gora 'arigune' abian jartze aldera, Foru Aldundian euskararen erabilera sustatzen modu aktiboan diharduten 500 bat langilek parte hartzen dute. Horietako asko eta asko ERAMIAK izeneko foru erakundean euskara normalizatzeko programan murgildurik daude. Langile horietako bik, kolektiboaren ordezkari gisa, "Arigune" figura berri horren irudia ikusarazteko ardura izan dute gaur goizean egindako ekitaldian. Onintza Enbeitak, bere aldetik, 'Ahobizi'ren rola irudikatu du bertso baten bidez eta Eder Aurre diseinatzaileak 'Belarriprest'en rola jokatu du bertatik bertara egindako diseinu baten bidez.