erra-hortzen formako estalki historiko baten azpian babesten dira gaur egun arte grafikoen alorrean Emilio Campuzano lanbide heziketako ikasleak. Atxuriko Joan Santuen Ospitale zibila izan zenak inoiz baino balio sinboliko handiagoa du orain, kolera edo tifusa bezalako gaitz kutsakorrak zituztenak hartatzen baitziren bertan. Gerora, 1835ean egindako eraikuntza, Pablo de Alzola y Minondo bezalako ongileei esker, Bilboko Arte eta Lanbide Eskola izatera igaro zen. Oraindik fresko eta margolan klasikoen kopiak, lantzer bikaineko altzariak edota ongileen erretratuak manten-tzen ditu. Horiek guztiak bisitatu ahalko dira urrian ospatuko den Ondarea eta Hezkuntza uztartuko dituen Ondarearen XX. Europar Jardunaldietan. Bizkaiko Foru Aldundiak Kontaiguzu ondarea!lelopean antolatzen duen ekimenak 200 ekitaldi izango ditu aurten lurraldeko 61 udalerri ezberdinetan.

Aipatutako lanbide irakaskuntzako ikastetxean ospatu zen atzo aurkezpena. Adierazi zutenez, segurtasun protokolo guztiak bermatuko dira ekitaldietan. Horregatik, edukiera-muga ezarriko da eta erreserba aldez aurretik egin beharko da. “Jardunaldian ondarearen hezkuntzako ardatzak aplikatuko dira. Ezagutu egin behar da balioesteko, balioetsi egin behar da kontserbatzeko eta kontserbatzen dugun hori, gainera, legatu bizi moduan transmititu ahal izateko”, azaldu zuen Lorea Bilbaok Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak. Horrela, jardunaldien bidez, antolatutako jarduera guztietan herritarren parte hartzea sustatu nahi zela adierazi zuen. Hogeigarren edizioan, halaber, jardunaldiek izan duten “koherentzia tematikoa” goraipatu zuen, beti ere “kudeaketa-eredu finkatu eta eraginkor gisa”.

Jose Rodriguez jardunaldiaren koordinatzaileak adierazi zuenez, bisitak, ibilaldiak eta ibilbide gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, zuzeneko testigantzak, kontzertuak, lehiaketak edota scape room formatuak egongo dira, besteak beste. Batetik, naturarekin zerikusia duten ekitaldiak egongo dira: ibilbide didaktikoak Urkiolako eta Gorbeiako parkeetan, geologia-klasea Urdaibain edota Getxoko Bolueko hezegunea ezagutzeko aukera. Hezkuntza arda-tza izanik, eskola zaharrek, institutuek, unibertsitateek, maisu-maistren etxebizitzek... protagonismo berezia izango dute hainbat herritan, hala nola, Arrigorriagan, Berriatuan, Busturian, Galdamezen, Laukizen edota Ortuellan, besteak beste.

Koordinatzaileak esan bezala, ekitaldien beste adar bat ezagutzaren sozializazioa izango da. Hortaz, belaunaldiz belaunaldi transmitutako jakintza eta lanbide tradizionalak erakusteko saiakera egingo da. Jose Rodriguezek esan bezala, Bakion txakolinaren sustraiak nondik datozen edota La Encartadan garapen industrialak eta hezkun-tzak izandako harreman estua ezagutzeko aukera egongo da. Artea, musika, literatura, ahozko tradizioa edota erlijioa, honakoan, hezkun-tzarekin uztartuko dira. Horrela, Gustave-Pierre Dagrant beiragilea, Roberto Rodet Villa margolaria edota Xabier Amuriza poeta protagonista izango dira. Berrikuntzen artean, gainera, gazteei zuzendutako lehiaketa bat egongo da. Ekimenean parte hartzen duten Batxilergoko lehen mailako ikasleek, taldeka, Instagrameko kontu bat sortu beharko dute, beren inguruko ondarea fotografiatu dezaten.

Jose Luis Arribasek, jardunaldien beste koordinatzaileak, “ondasun ondarea transmititu behar den ezagutzaren parte” dela gogoratu zuen. Zentzu horretan, hezkuntzarekin lotutako ondarea, askotan, balioestea kostatu dela gogoratu zuen, garapen teknologikoak bere balioa gutxitzen duela ematen duelako. Horretarako, “transmititu baino lehen” eta baita “prebentzio lanak egiteko” lehenik “aintzatetsi egin behar dela” iritzi zuen.

Bilbo. Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan lutheria tailerra bisitatzeko aukera egongo da.

Gorliz. Azken 50 urteotan Gorlizen ezagutza transmititzeko garatu diren moduak ezagutaraziko dira erakusketa eta hitzaldi-solasaldi baten bidez.

Mañaria. Ibilbide gidatua egingo da sendabelarrak bilatu eta horien erabilera ezagutzeko Mentxu Amunategiren eskutik.

Zalla. Bisitaldi gidatu bat egingo da La Mellan dagoen Urrutiatarren kapera sendotzeko erabili ziren teknika berritzaileen berri emateko.