BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdi ekonomikoak kalte zuzenak eragin ditu ekonomian. Horren adibide Bizkaiko Foru Aldundiaren kasua da, zeinak abuztura arte iazko epe berean baino 991 milioi euro gutxiago bildu dituen zergak direla eta, hau da, % 19,4 gutxiago.

Zortzi hilabete hauetan bildutako kantitatea 2020ko ekitaldi osorako aurrekontuan tributu itunduen ziozko sarrera gisa aurreikusitako 8.141,1 milioien % 50,6 da.

ZUZENEKO ZERGAK

Zuzeneko zergek 2.145,7 milioi euroko ekarpena egin dute, hots, 511,3 milioi gutxiago 2019an baino; horrek berez dakar % 19,2ko jaitsiera bat. Konparaketa horretan kontuan hartu behar da 2019ko abuztuan kontabilizatu zirela aurten oraindik gauzatu ez diren diru-sarrera batzuk; izan ere, zerga jakin batzuen ordainketa geroratu da, eta konturako ordainketa batzuk etenda geratu dira. Neurri horiek Bizkaiko pertsonen eta, bereziki, mikroenpresen, ETEen eta langile autonomoen likidezia hobetzeko hartu dira.

2020ko abuztura arte, PFEZa dela-eta bildutako dirua 1.585,3 milioi euro da (% 13,8 gutxiago); nabarmentzekoa da gora egiten dutela lanaren etekinen gaineko atxikipenek eta ondare-irabazien gainekoek (% 1,2 eta % 82,4 hurrenez hurren). PFEZaren gainerako kontzeptuei dagokienez, kuota diferentzialaren jaitsiera azpimarratu behar da: abuztura arte, iaz baino 211 milioi euro gutxiago bildu dira, Foru Ogasunak irailaren 30era arte atzeratu baitu sartzeko diren errenta-aitorpenen kobrantza. Halaber, langile autonomoek egin behar zituzten PFEZaren ordainketa zatikatuak eteteak % 34,9 gutxitu du diru-sarrera mota hau.

Sozietateen gaineko zerga dela eta, 490,6 milioi bildu dira, 2019ko abuztura arte baino 177,9 milioi gutxiago; beraz, % 26,6ko jaitsiera bat izan da zerga honetan. Oro bat kasu honetan kontuan hartu behar da sozietateen gaineko zergaren kanpaina ez dela amaitu zergapeko guztien kasuan; izan ere, kontuak aurkezteko epea luzatzea aukeratu duten mikroenpresek zein enpresa txikiek azaroaren 26ra arte daukate hori egiteko. Gainera, zerga honen kuota efektiboan aparteko kenkari bat ezarri da, maiatzaren 5ko 4/2020 Foru Dekretu Arauemailean ezarritako baldintzekin.

Gainerako zuzeneko zergen artean, ondarearen gaineko zerga nabarmendu behar da, abuztura arte bildutako kopuruan izandako % 97,6ko jaitsieragatik, zeina aitorpen positiboak sartzeko eguna atzeratu izanaren ondorioa den (irailaren 30era arte).

ZEHARKAKO ZERGAK

Zeharkako zergetan 1.699,5 milioi euro bildu dira, hots, 350,2 milioi gutxiago 2019an baino; horrek berez dakar % 19,2ko jaitsiera bat. Zifra horretatik dagoeneko deskontatu dira BEZean eta zerga berezietan egindako barne-doikuntzengatik Araba eta Gipuzkoako foru-aldundiei ordaindu zaizkien zenbatekoak; hain zuzen, 565,3 milioi euro, Bizkaiak hasiera batean guztira bildutakoaren % 12.

Kudeaketa propioko BEZa dela eta, 1.394,4 milioi euro bildu dira, iaz baino % 17,1 gutxiago; eta zerga berezien artean, hidrokarburoen gainekoa 424,4 milioira iritsi da (% 14,3 gutxiago); tabako-laboreen gainekoa, berriz, % 2,2 hazi da (91,2 milioi), eta, azkenik, elektrizitatearen gainekoa % 12,9 jaitsi da (16 milioi).

TASAK ETA BESTE SARRERA BATZUK

Tasak eta bestelako sarrerak direla eta, 25,1 milioi euro bildu dira, duela urte bat baino % 38,3 milioi gutxiago. Haietatik, 5,5 milioi jokoaren tasei dagozkie, hots, % 61,7 gutxiago.

Lehen adierazitako diru-sarrerei gehitu behar zaizkie Estatuarekin egindako doitzeak, zeinetan Bizkaiak BEZa dela-eta 392 milioi sartu dituen eta 147 milioi ordaindu zerga bereziak direla.eta.