BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 423.000 eroko inbertsioa egingo du Bizkaiko Hondakindegiei buruzko Ingurumen Hezkuntzako Zentroa (Artigas Aretoa) eraberritzera. Azpiegitura teknologikoak, laguntza-elementuak eta edukiak berrituko dira, eta aurtengo asteazkenerako amaituko dira lanak.

Zentro berezi hau ezinbesteko erreferentea da gure lurraldeko hondakinen kudeaketarako sistemaren berri zabaltzeko. Izan ere, zentro honetan hondakinen prebentzioa eta kudeaketa iraunkorra azaltzen dira, berrikuntza eta Bizkai osoa ardatz hartuta, kalitate handiko informazioa emanez eta ingurumenarekiko konpromisoa zabaltzeko eta sustatzeko baliabideak erabiliz, helburua herritarren artean ingurumenarekin hobeto jokatzeko jarrerak hedatzea dela.

Nolanahi ere, Artigas Aretoko azpiegitura teknologikoa zentroan abioan zeneko (2004) estandarren araberakoa da, eta horregatik arazoak daude bertako ekipoak eta gailuak mantentzeko eta berrizteko. Gainera, hondakinen kudeaketan bertan eta Artigasko Ekoparkean, batik bat, izan den bilakaeraren ondorioz zentroko eduki eta elementuetako asko zaharkituta gelditu dira.

Horregatik, zentro honen eraberrikuntzaren azken helburua gaur egun go gizartera eta teknologiara egokitzea da. Zentroaren gaur egungo funtsionamenduaren funtsa errespetatu nahi da, baina oraingo dinamikari uko egin gabe, erabiltzaileen esperientzia ahalik hoberena izan dadin. Horrez gainera, asmoa da zentroaren mezua zabaltzeko behar diren baliabide guztiak egotea, eta baliabideok iraunkorrak izatea, eta mantentzen eta ordezten errazak, gainera.

ZENTROA

Artigas Aretoa erreferentea da dagoeneko gure lurraldeko ingurumen-hezkuntzan, eta horren adierazgarri argia da bisitarien kopurua: 2018/2019 ikasturtean 6.536 bisitari hartu zituen 199 taldetan (ikastetxe eta elkarteetakoak). Gainera, 2004an abian ipini zenetik 64.988 pertsona izan dira instalazioetan (hasieran Bilboko Udalaren esku egon zen eta hark 2016an Garbikerri eskualdatu zion).

Zentro honetako hezkuntza-programa Bizkaiko hiri-hondakinen kudeaketari buruzko komunikazio plan orokorraren barruan dago. Plan horren helburua da Bizkaian hondakinak kudeatzeko erabiltzen diren azpiegituren berri ematea herritarrei, oro har, eta eskola-umeei, batez ere. Hedapena abiaburutzat hartuta, ingurumena gutxiago narriatzen duten jokabideak sustatu nahi dira.

Horren ildotik, zentroaren sekuentzia tematikoaren hasieran kontsumo arduratsua azaltzen da, hau da, kontsumo-jokabideak geure benetako beharrizanetara moldatzea; erakusten da ezen, kalitatea eta prezioa ez ezik, kontsumitzaileek beste faktore batzuk ere hartu behar dituztela kontuan ingurumenari ahalik kalterik gutxien egiten dioten eta gizarte-berdintasuna dakarten ondasunak eta zerbitzuak hobesteko. Eta erosketa arduratsua bezain garrantzitsua denez zer egiten dugun ondoren hondakinekin, Artigas Aretoko jarduera askoren ardatza hondakinak eta berak kudeatzeko teknikak ikuspegi ludikoarekin eta positiboarekin aurkeztea da.

Egun erdiko saioak denetariko pertsonentzat dira, baina gomendioa da taldeetako kideak zortzi urtetik gorakoa izatea, azalpenak ondo aprobetxatu ahal izateko. Azalpenak bisitarien araberakoak izaten dira: Lehen Hezkuntzako 3 - 6 mailetako ikasleak, Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Batxilergokoak, Lanbide Heziketakoak, unibertsitate zentroetakoak, eta bestelakoak (elkarteak, familiak, eta abar).

Dena den, bisita guztiek egitura bera dute: sarreran Artigas Aretoa non dagoen azaltzen da (Artigasko Ekoparkea, hondakinak tratatzeko azpiegiturak dauden tokia) eta hondakinen kudeaketari eta herritarrek ondo ezagutzen dituzten birziklapen-prozesu orokorrei buruzko azalpen orokorra ematen da; bigarren fasean bisitariak hondakinak tratatzeko prozesuen atalean sartzen dira eta prozesuak azaltzen zaizkie animazio-elementu mekaniko eta fisikoen bidez eta infografien bidez; ondoren birziklapen-prozesuari buruzko bideoa ematen da aretoko simulagailuan; azkenik, ondorioak eta agurra.