BILBO. Hilabete eskas bat falta da N-240 errepidean Lemoa eta Zeanuri artean egiten ari diren lanak bukatzeko. Horrela adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak.

Guztira, inbertsioa 5.252.644 eurokoa izango da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Imanol Pradalesek esan du N-240 errepidea Zeanuri eta Lemoa artean birmoldatzeko lanei esker "inguruko irisgarritasuna hobetuko dela, trafikoa motelduko dela eta bide-segurtasuna hobetuko dela".

Lemoan, N-240 errepideko trafikoaren batez besteko intentsitatea 18.000 ibilgailu egunean da; 3.000 kamioiak izaten dira. Zeanurin, N-240 errepidetik 6.000 ibilgailu pasatzen dira egunean; 2.000 ibilgailu astunak izaten dira. Pradalesen esanetan errepide hau "ezinbestekoa da Bizkaiarentzat, beraren bidez meseta Lurraldearekin lotzen baita, bai eta ekonomiaren ikuspegitik oso garrantzitsua den Bilboko portuarekin ere".

Proiektu honen barruan bi jarduketa nagusi egin dira; gero, lanak osatzeko, seinale bertikalak eta horizontalak aldatu dira, errepidearen balizamendua egin da, euspen-sistemak ezarri dira (motorzaleen babesak barne), errepidearen drainatze-sistema egokitu da, eta galtzadako argiak aldatu dira.

LANAK LEMOAN

Lemoako tarteko lanak errepidearen eta BI-635 errepide zaharraren arteko 'Y' motako bidegurutze batetik hurbil hasi dira, Gasteizko noranzkoan. Handik 49+600 kilometro-punturaino, gutxi gorabehera, errepidea hirigunean dago; biribilgunea egin da, eta horren bidez sarbideak beste era batera antolatu dira eta ezkerrera biratzea debekatu da. Biribilgunearen helburua trafikoa moteltzea da, hau da, N-240 errepidetik Bilborantz doazen gidariek abiadura murriztea hirigunera iritsi baino lehen, ezbehar gutxiago gerta daitezen eta alde horretan trafikoa seguruagoa izan dadin.

Biribilgunea Arrañoko bidearen ondoan dago; berari esker auzo horretako sarrerak eta irteerak errazagoak izango dira, eta N-240 errepideko galtzadaren beste aldean dagoen Txiriboketa auzoko 22. baserrikoak ere bai. Gainera, biribilgunearen lanekin batera Arrañoko bidea lekuz aldatu da, bidearen ondoan dagoen errekaren galeria handitu da (erreka hori Arratia ibaian isurtzen da), eta galtzadatik hurbil zegoen hormigoizko horma kendu da, ikuspena eragozten baitzuen.

Gainera, hiriguneko tartearen trazadura hobetu da eta ikuspena hobetu da. Esaterako, 49+120 eta 49+330 kilometro-puntuen arteko bihurguneak aldatu dira, trazaduraren orientazioa eta tarteko ikuspena hobetzeko. Zuzenketa horren ondorioz N-240 errepidearen mendebaldean dagoen bidea ere aldatu behar izan da.

Errepideak udalerriko bidearekin bat egiten duen 'Y' motako bidegurutzea ere birmoldatu da, eta BI-635 errepidearekin (Gasteizko noranzkoan) bat egiten duen tokian ezkerrera egiteko aukera ezabatu da . Horren ondorioz N-240 errepidetik dabiltzan autobus-linea batzuen ibilbidea aldatu da 50+400 eta 49+900 kilometro-puntuen artean. Halaber, bi autobus geraleku berri ipini dira: bata geltokiko biribilgunera iritsi aurretik eta bestea 'Y' motako bidegurutzearen aurrean.

LANAK ZEANURIN

Zeanuriko lanak 34+700 eta 35+500 kilometro-puntuen artean egin dira, Zeanuriko saihesbidearen amaiera, Gasteizko noranzkoan.

Lan nagusia PK 35+100 kilometro-puntuko bihurgunea zuzentzea izan da, zirkulazioa hobetzeko. Horri esker, gainera, galtzadaren ondotik doan bidea aldatu da, eta, modu partzialean, N-240 errepidean, Gasteizko noranzkoan, ezkerrean dagoen frenatzeko gunea ere bai.