Bizkaiko hiru egoitzatan daude gaixotutako egoiliarrak
BILBO. Egunero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman ditu gaur, hilak 14, Bizkaian mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza-zentroen sareko egoera.
Abuztuaren 13aren amaieran, Bizkaiko Lurralde Historikoan adinekoentzat baimenduta dauden 155 egoitzetan (guztira, 10.748 plaza), pertsona hauek zeuden Covid-19ak jota, Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuak eskuragarri jarritako informazioaren arabera:
- Positiboa baieztatua duten egoitzako erabiltzaileak: 53
- Positiboa baieztatua duten egoitzako erabiltzaileak, ospitaleratuta daudenak: 2
- Sendatu diren egoitzako erabiltzaileak (Covid-19an negatibo, aurretik positibo emanda): 1.623
- Positiboa baieztatua duten egoitzako langileak: 49
- Isolatuta dauden langileak (Covid-19a baieztatu gabe): 67
Horrez gain, Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak, koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzeko, 31 adineko hartzen ditu. Pertsona horietatik, 16 egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira, eta 15 zaurtasun-egoeran dauden pertsonak, zeinak koarentenan dauden ospitaleratuta egon ondoren.
Bizkaiko Foru Aldundiko esku-hartze azkarreko bost foru-taldeek jarraitzen dute egunero baheketak egiten egoitza-zentroetan, kasu positiborik dagoen egiaztatzeko, eta azken orduetan foku berri bat aurkitu dute. GUFErena (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) den Gallartako egoitzan aurkitu dute. Baheketa egoitzako pertsona guztiei egin zaie (56 erabiltzaile eta 64 profesional) eta emaitzak honako hauek izan dira: sintomarik gabeko 11 erabiltzaile daude eta 5 profesionalek positibo eman dute. Erabiltzaileak, goizean zehar, Bizkaiko unitate soziosanitario espezializatura eramango dira, Birjinetxe zentrora.
Bizkaiko Foru Aldundiak berehalako neurri batzuk hartu ditu egoitza-zentro horretan, besteak beste: erabiltzaileak sektoreka (hegalak) isolatu dira solairu bakoitzean, kontaktua ahalik eta gehien murrizteko. Halaber, eta gutxienez asteburu honetan zehar, ez da aurrez aurreko bisitarik izango eta erabiltzaileak ezin izango dira zentrotik irten. Bisitak bideodeien bidez edo bestelako sistema telematikoen bidez egingo dira; horrela bermatu egingo da erabiltzaileak senideekin, lagunekin eta abarrekin harremanetan egon ahal izango direla. Dena den, kasu berezietan, bisitak baimendu ahal izango dira baina beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak aplikatuta. Egoiliarren senide guztiei eman zaie zentroak bizi duen egoera epidemiologikoaren gaineko informazioa, baita haien senideetako bakoitzak duen egoeraren gaineko informazioa ere. Gainera, informazio hori aldizka eguneratzen joango da. Gaur, instalazioak sakon garbitu eta desinfektatuko dira, enpresa espezializatu baten bidez.