BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 4.085,2 milioi euro bildu ditu aurten uztailera arte, hau da, 2019ko garai berdinean baino 1.005,2 milioi euro gutxiago. Kopuru hori 2020ko guztirako bilketa-aurrekontuaren %50,2 da, eta iazko aldi berean bildu zena baino %19,7 gutxiago da.

Aldi honetan, Bizkaiko bilketan eragin handia eduki dute jarduera ekonomikoaren geldotzeak eta Foru Ogasunak Bizkaiko zergadunen likidezia hobetzeko (batez ere mikroenpresa, ETE eta langile autonomoena) eta ekonomiaren sektore ahulenek eragin ekonomiko are handiagoa ez jasateko ezarri dituen neurriek. Besteak beste, PFEZ, ondarearen gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ordaintzeko aldia atzeratu da, langile autonomoen atxikipenen ordainketa eten da, eta ezohiko kenkariak ezarri dira. Neurri horiek guztiak kontuan eduki behar dira 2020ko uztailera arteko bilketa 2019ko uztailera artekoarekin alderatzean.

ZUZENEKO ZERGAK

Zuzeneko zergen bitartez 2.133,8 milioi euro bildu dira, hau da, iazko aldi berean baino % 19,1 gutxiago.

PFEZ osorik hartuta, % 13,2 gutxiago bildu da, baina aipatu behar da lanaren atxikipenek gora egin dutela: % 0,9 gehiago, 1.803,4 milioi euro guztira. Ondare-irabazien gaineko atxikipenak ere gehitu egin dira, % 89,2 gehiago; gutxiago bildu da sarien gaineko karga bereziaren bidez, eta kapital higiezinaren gaineko atxikipenek behera egin dute.

PFEZ dela eta, errenta aitorpenen emaitzako kopuruak ez dira jasoko irailaren 30era arte, aurten kanpaina hiru hilabete luzatu da eta. Iazko uztailerako, aldiz, 220,4 milioi euro bilduta zeuden kontzeptu horrengatik. Gainera, langile autonomoen PFEZen ordainketa zatikatuen etenduraren ondorioz bilketa % 30,8 urriagoa izan da: 20,2 milioi euro gutxiago.

PFEZarekin egin den bezala, ondarearen gaineko zerga ordaintzeko aldia irailaren 30era arte atzeratu da, eta horren ondorioz uztailera arte 1,8 milioi euro baino ez dira bildu (iaz, uztailerako 76,6 milioi euro bilduta zeuden).

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, aurtengo lehen zazpi hiletan 482 milioi euro bildu dira, iaz baino 183,6 milioi gutxiago. Zerga honetan ere gogoan eduki behar da kanpaina ez dela amaitu zergadun guztientzat, azaroaren 25era arte atzeratu baita kontuak emateko epealdiaren luzapenari heldu dioten mikroenpresa eta enpresa txikientzat. Gainera, ezohiko kenkaria ezarri da zerga honen kuota efektiborako; hori aplikatzeko baldintzak maiatzaren 5eko 4/2020 Foru Dekretu Arauemailean ezartzen dira.

ZEHARKAKO ZERGAK

Uztailera arte zeharkako zergen bitartez 1.683,3 milioi euro bildu dira, hau da, iazko aldi berean baino % 18 gutxiago.

Uztailean lehen bi doikuntzak egin dira Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin: Bizkaiak 565,3 milioi ordaindu dizkie. Gipuzkoak 395,2 milioi euro jaso ditu eta Arabakoak 170 milioi. Zergak banakatuta, 312,9 milioi euro BEZari dagozkio eta 252,4 milioi euro zerga bereziei.

Zeharkako zerga nagusietara etorrita, norberaren kudeaketako BEZari esker bildutakoa iazkoa baino % 18,1 gutxiago izan da: 1.400,6 milioi euro. Zerga berezietan, hidrokarburoen gainekoaren bilketa % 15,3 urriagoa izan da: 407,5 milioi.

TASAK ETA BESTE SARRERA BATZUK, ETA DOIKUNTZAK ESTATUAREKIN

Urteko lehen zazpi hiletan tasen eta beste sarrera batzuen bidez 23,2 milioi euro bildu dira, hau da, 2019an baino % 40,9 gutxiago.

Beraz, kudeaketa propioko zerga itunduen bidez 3.840,2 milioi euro bildu dira, iaz baino % 18,8 gutxiago.

Estatuarekin egin beharreko doikuntzak direla eta, lehen bi hiruhilekoetakoak egin dira: BEZaren doikuntzan Bizkaiak 392 milioi euro jaso ditu eta zerga berezien doikuntzan Bizkaiak 147 milioi euro ordaindu dizkio Estatuari.