BILBO. Pasa den astea denboraldiko lehenengoa izan zen, eta behin amaituta, balantzea egiteko momentua da. Aipatzekoa da Bizkaiko hondartzetan gorabeherarik erregistratu ez dela. Jende asko joan izan da hondartzetara, batez ere igandean, baina ez dira jende pilaketa handirik egon. Hori bai, larunbatean Areeta eta Aritzatxuko hondartzak bete egin ziren, eta igandean, aldiz, Bermeokoa.

Bandera anbarra jartzeak eta megafonia bidezko abisuek mobilizatu egin zituzten okupazio handieneko momentuetan hondartzetan zeudenak, eta ez zen beharrezkoa izan aparteko neurririk hartzea edukiera-mugak mantentzeko. Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eskerrak ematen dizkie herritarrei, arduraz jokatuta hondartzetan pilaketak saihestu dituztelako, eta dei egiten die jarrera horri eutsi diezaioten denboraldi osoan.

Hondartzetara joandakoen kopuruari dagokionez, lehenengo aste honetan, Bizkaiko hondartzek 138.065 pertsona hartu dituzte, gehienak asteburuan. Izan ere, egun horietan izan dugu hondartzarako eguraldirik egokiena. Zehazki, hondartzara joandakoen kopuru handiena igandean izan dugu (65.895 lagun).

Gorliz (18.041 pertsonak), La Arena (15.036) eta Plentzia (14.864) dira jende gehien hartu duten hondartzak.

Denboraldiko lehen egunotan, sorosle-taldeak 211 artapen egin ditu, batez ere zauriak (110) eta xabiroiek egindako ziztadak (27) direla eta, ohiko moduan. Asteon izan dugun jarduketa aipagarriena Laidako hondartzan izan da, non atzo eguerdian gizon bat itsasotik erreskatatu eta gero ospitalera eraman duten.