BILBO. Aurtengo uda berezia izango da. Hondartza zein igerilekuetako erabiltzaileek segurtasun-neurriak bete behar izango dituzte, eta hori kontrolatzea zaila izaten da kasu batzuetan. Horregatik, igerilekuetako edukiera kontrolatuko duen AurreTIK aplikazio digital berria sortu da. Orozko, Ugao, Gordexola, Abanto-Zierbena eta Otxandio izango dira pilotu gisa praktikan jarriko duten lehen udalerriak.

Bizkaiko udalek tresna berri bat dute, Covid-19ko osasun-krisiak ezarritako higiene- eta gizarte-distantziako neurriak betetzea erraztuko diena. BiscayTIK Fundazioak AurreTIK lurraldeko udal guztien eskura jartzen du okupazio-mailak eta pertsonak espazio publikoetara nola joaten diren kontrolatzeko irtenbide bat. Uda honetan erabiliko da lehenengo aldiz udako igerilekuetan. Aplikazio berriak Covid-19k eskatutako araudia betetzea errazten du. Araudi horrek edukiera-ehunekoak ezartzen ditu udako igerilekuetako esparruen neurrien arabera, eta, gainera, aisialdiaz gozatzera joaten diren pertsonen osasuna zaintzen laguntzen du.

AurreTIK, edukiera automatikoki kontrolatzeko aukera emango du, kameren bidez ikuspen artifizialeko teknologian oinarritutako pertsonak zenbatzeko sistema berritzaile bat erabiliz. Era berean, okupazio-maila ezagutzeko aukera ematen du, zenbait igerilekutan dauden sarrerako eta irteerako tornuekin lotura bat eginez. Behin zerbitzua instalatuta, BiscayTIKek udako denboraldian sistemaren funtzionamendua bermatzeko beharrezko euskarri teknikoa eskainiko du.

Orozko izango da irtenbide hori pilotatuko duen lehen udalerria datorren ekainaren 22tik aurrera. Hurrengoak Ugao, Gordexola, Abanto-Zierbena eta Otxandio izango dira udal igerilekuen denboraldia zabaltzen dutenean. Aplikazioa udal guztietara zabalduko da, hala eskatzen badute.

Interesa duten erabiltzaileek, bestalde, online eskuratu ahal izango dute udako udal-igerilekura joateko edo ez joateko behar duten informazioa, Udala Zabaltzen app-ean eta/edo dagokion udalaren webgunean.

Udala Zabaltzen BiscayTIKek udalen eskura doan jarri duen plataforma da, herritarrei teknologia berrien bidez arreta eskaintzeko. Aplikazio mugikor horrek aukera eman die udalei Covid-19ren osasun-larrialdiarekin eta udal-zerbitzuetan izandako aldaketekin lotutako berehalako abisuak bidaltzeko. AurreTIK aplikazioak barne hartzen dituen gainerako funtzionaltasunekin bat egiten du, hala nola Kalezaindu, Gaurkotasuna, Agenda edo Topaketa Birtualak izenekoekin.

UDAL-JARDUERARI EUSTEKO ESTALDURA TEKNOLOGIKOA

Covid-19ak tokiko erakundeak behartu ditu, bat-batean, beren lan egiteko modua, herritarrekin komunikatzeko modua eta barne-prozedurak aldatzera. Ildo horretan, BiscayTIK Fundazioak Bizkaiko udalei estaldura teknologikoa eman die Covid-19aren krisiaren lehen unetik, bere zerbitzuen bidez, konfinamenduak ezarritako mugetara egokitu ahal izateko. Horri esker, kudeaketa eta herritarrei arreta etengabe ematen jarraitu ahal izan dute udalek.

Horrela, udaletxeei emandako euskarriak langileen telelana ahalbidetu du hasiera-hasieratik. BiscayTIKen aplikazioetan alta emanda dauden 2.000 tokiko funtzionario guztiek telelana egin ahal izan dute, udaletan hala ezarri badute.

Era berean, udaleko langileek aplikazio telematiko berriei buruzko online prestakuntza jaso dute e-learning plataformaren bidez, eta foru-teknikarien laguntza pertsonalizatua, urrutitik, eguneroko gorabeherak eta zalantzak konpontzen laguntzeko.

Laguntza teknologiko horri esker, herritarrei irekitako osoko bilkura birtualak egin ahal izan dira, eta izapidetze telematikoko zerbitzua bultzatu da. Datuek erakusten dute Bizkaiko udalek izapide elektronikoak % 61 areagotu ahal izan dituztela.