- Covid-19 pandemiaren berrogeialdeiko fase berriaren etorrerak tabena eta jatetxeek euren terrazak zabaltzelo aukera luzatu die ostalariei. Neurria indarrean sartu baino arinago Lekeitiok adierazitakoaren arabera, Busturialde eta Lea-Artibaiko hainbat Udalek terrazak handitzeko proposamenak jarri dituzte mahai gainean. Bermeo, Ondarroa edota Markina-Xemeinen kasuak dira, non eskaerak banan-banan aztertzen diharduten.
Egoera hau arintzeko eta irekiera hori errazteko” helburuarekin, Bermeoko Udalak tabernen terrazak handitzea ahalbidetuko duela iragarri zuen asteon, “betiere posiblea den kasuetan”. Horretarako, ostalariek eskaera egin beharko diote “eta, handitzeko aukera egongo balitz, Udalak baimena emango” duela iragarri dute. Gaineratu dutenez. “negozioen irekiera erraztea helburu duen laguntza neurri hau aurretik hartu diren beste batzuei gehi-tzen” zaio. Kalte ekonomikoak gutxitzeko, hainbat hobari adostu zituzten udalerrian. Alarma egoerak irauten duen bitartean Udalak ez du terrazen gaineko tasarik kobratuko. “Gainera, sastar-batze tasaren gainean ere deskontuak egingo ditu. Udalak erraztasunak eman nahi dizkio osasun krisi hau dela eta euren establezimenduak itxi behar izan dituen sektore honi”.
Antzerakoa da Markina-Xemeinen kasua. Azaldu zutenez, herrian ere “taberna eta jatetxeek euren terrazak zabaltzeko aukera daukate, iaz zeukaten terrazaren edukieraren %50ean gehienez”. Dena den, eta “posible den kasuetan”, terrazak handitzeko aukera emango dute. “Interesa duten tabernari eta ostalariak Udalarekin jarri beharko dira harremanetan eta eskariak banan-banan aztertu ondoren, ahal den kasuetan, baimena emango da. Horrez gain, tabernak itxita egon diren epean Bide Publikoaren Okupazio Tasan hobariak aplikatuko ditu Udalak”.
Ondarroan, azkenik, eskaintza berbera egin dute. Mandatuak ezarritako kopuru berberean, hala ere Udalak baldintzak “malgutzea erabaki du; ahal den kasuetan espazio bikoitza erabiltzeko aukera ere edukiko dutelarik. Bada, ostalariek “bi baldintza ere bete beharko” dituzte nahitaez: “oinezkoentzako gutxienez bi metroko pasabidea egon beharko da eta babes zibileko eta larrialdietako ibilgailuak modu seguruan igarotzea ere bermatu beharko da”.