BILBO. Gaur goizean, maiatzak 5, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak sozietateen gaineko zergan % 60ko kenkari bat aplikatzea onartu du. Neurri honen helburu nagusia koronabirusak eragindako egoera honen aurrean ekonomiaren suspertzea sustatzea da.

Foru-dekretu arauemaileak kenkaria aplikatzeko irizpideak zehazten ditu; sozietateen gaineko zergaren zergadun guztiei aplikatuko zaie kenkaria, ondare-sozietateei eta talde fiskalei izan ezik. Baldintzen artean, emaitzak gutxitzea edo jarduera murriztea ezartzen dira; biak, osasun-larrialdiaren ondorio.

Oro bat, dekretuak xedatzen du kenkariaren zenbatekoa erabili behar dela enplegua sortzeko, ekoizpen-aktiboetan, ikerketa eta garapenean edo ekintzailetzan inbertitzeko edo 2020ko galerak konpentsatzeko.

EZOHIKO KENKARIA APLIKATZEKO BETEKIZUNAK

Honako hauek izango dira 2019ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren % 60ko ezohiko kenkariaren onuradunak: 2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egin duten zergadunak, ondare-sozietatearen izaera ez dutenak, zerga-baterakuntzaren erregimenean tributatzen ez dutenak eta Covid-19aren ondorioz beren jarduna nabarmen murriztuta daukatenak; jarduna nabarmen murriztu dela jotzeko, bi irizpide hauek bete behar dira:

  • 2020. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumena gutxienez izatea % 25 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumenarekin alderatuta.
  • 2019ko ekitaldian zehar kontabilitate-emaitza positiboa izatea, eta 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion kontabilitate-emaitza gutxienez izatea % 50 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko kontabilitate-emaitzarekin alderatuta.

2020ko eta 2021eko ekitaldietan zehar ez banatzea etekinik, ez eta erreserbarik ere, eta ez erabakitzea beren funts propioak murriztea bazkideei ondasun edo eskubideak emanez.

KENKARIA ZERTARAKO ERABILI BEHAR DEN

Ezohiko kenkaria aplikatzen duten zergadunek, 2020ko ekitaldia amaitu aurretik, helburu hauetakoren baterako baliatu behar dute dirua:

  • 2020ko ekitaldian izandako galerak konpentsatzeko.
  • Aktibo ez korronte berrietan inbertitzeko.
  • Ikerketako eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egiteko.
  • Beste zergadun batzuen I+G+b-ko proiektuak 62 bis artikuluko prozeduraren bidez finantzatzeko.
  • Enplegua sortzeko.
  • Mikroenpresen edo enpresa txiki edo ertainen akzioetan edo partaidetzetan inbertitzeko.

KENKARIA BIZKAIA AURRERA PLANEAN JASOTA DAGO

Sozietateen gaineko zergaren kuotaren kenkari hau jasota dago bai Bizkaia Aurrera planean, zeinaren bidez premiazko neurriak ezartzen diren lurraldea suspertzeko koronabirusaren krisiaren testuinguruan, bai Foru Aldundiak osasun-larrialdiaren ondorioak arintzeko hartu dituen tributu arloko neurrien artean.

Halaber, 4/2020 Foru Dekretu Arauemaileak tributu arloko beste neurri batzuk zehazten ditu, Bizkaia Aurrera planean iragarrita zeudenak. Besteak beste, sozietateen gaineko zergaren esparruan:

  • Kontratazioa sustatzen du: enplegua sortzeko kenkariaren muga 5.000 eurotik 7.500era igotzen du , Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan ezarritako baldintzekin.
  • Pertsona juridikoen ekintzailetza sustatzen du: halako pertsonei aplikatu ahal izango zaie sortu berriak edo berritzaile diren mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertainetan inbertsoa egiteagatiko kenkaria.
  • Lehiakortasuna berreskuratzeko ahalegina sustatzen du: amortizazio bizkortuko aparteko mekanismo bat ezartzen du 2020ko ekitaldian eskuratzen diren aktibo berrietarako.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren esparruan:

  • Ukitutako sektoreen jarduera sustatzen du: ohiko etxebizitzan berritze-obrak egiteko ordaindutako kopuruen % 10eko kenkari bat ezartzen du, 1.500 euroko gehieneko mugarekin.
  • Merkataritza-jardueraren digitalizazioa sustatzen du: jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoek beren merkaturatze- eta saltze-prozesuetan erreminta digitalak sartzeko baliatzen dituzten kopuruen % 10eko kenkari bat ezartzen du, 300 euroko mugarekin.

Pandemiak gogor astindu dituen garapen pertsonalerako funtsezko jarduerekiko elkartasuna bultzatzen du: jarduera jakin batzuk lehentasunezkotzat jotzen dira, Irabazteko asmorik gabeko entitateen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zerga-araubideari buruzko 4/2019 Foru Arauan ezarritako zerga-pizgarrien ondorioetarako, eta aukera ematen da pandemiak bereziki astindutako sektore bati laguntzeko, hain zuzen, kulturari, eta haren barruan, arte eszenikoei eta musikari.