BILBO. Gaur arratsaldean hasiko den asteburuan jendeak bere etxean jarrai dezan eta veste edozein lekutara asteburu-pasa joan ez dadin, Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontrolak areagotuko dituzte. Kontrol horien helburu nagusia jendea Euskadiko edota Euskaditik kanpoko bigarren etxebizitzetara ez joatea lortzea da, konfinamendua euren ohiko etxeetan egin dezaten. Herritarren Segurtasunerako Legeak dioenez, konfinamendu-neurriak ez betetzeak 600 eurotik gorako isunak ekarriko ditu arau-hauste arinen kasuan, ete hortik gorakoak arau-huste larriak ematen badira.

Prebentzio-kontrol horien bidez bermatu nahi da betetzen direla alarma-egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu eta jarduera murrizketak. Une hauetan pertsonek, funtsean, lan-jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu dezakete bide publikoetatik. Debekatuta dago oporretako edo aisialdiko irteerak egitea. Konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar da.

Horretarako, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako patruilek frogaketak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Frogaketa horiek errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dira.

Horrez gainera, gogoratzen da, osasun publikoaren larrialdi eta alarma egoera hau betetzeko, Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango duela osasun publikoarekin, segurtasunarekin, trafikoaren arintasunarekin edo adierazitako arrazoiengatik ibilgailu jakinen zirkulazioa mugatzearekin zerikusia duten arrazoiak direla eta. Bestalde, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango die gidariei.