BILBO. Berdintasunaren aldeko Zirgari Sariak irabazten dituzten entitate eta pertsonei emango zaien saria Dora Salazar eskultoreak esklusiban sortu duen brontzezko zirgari bat izango da.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten dutenei ematen zaizkien sari horiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k bultzatzen dituztenak, martxoaren 6an Bilboko BBK Aretoan egingo den gala batean banatuko dira.

Zirgari Sari hauetan aintzatetsitako erakundeek eta pertsonek jasoko duten brontzezko irudiak hogeita hamar zentimetro inguruko altuera du eta emakume bat irudikatzen du soka batetik tiraka, hots, norberaren indarraren laguntza bakarrarekin itsasadarrean itsasontziak atoian eramateaz arduratzen ziren emakumeen moduko 'zirgari' bat.

Zirgari sariek berdintasunaren alde egindako lana aintzatetsiko dute hainbat kategoriatan:

OHOREZKOA: "Ohorezko Zirgari Saria 2020". Sari hau pertsona fisiko batek edo batzuek emakumeen eskubideak eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko egin duten ibilbideari ematen zaio.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN AURKAKOA: "Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Zirgari Saria 2020". Sari hau emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, arazo larri horretaz sentsibilizatzeko edota berori konpontzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde bati edo batzuei ematen zaie.

AHALDUNTZEA ETA BALIOAK ALDATZEAREN ARLOKOA: "Ahalduntzea eta balioak aldatzearen aldeko Zirgari Saria 2020". Sari hau emakumeen balio-aldaketaren eta ahalduntze kolektibo eta sozialaren esparruan egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde bati edo batzuei ematen zaie.

HERRITARTASUN AKTIBOAREN ARLOKOA: "Herritartasun aktiboaren aldeko Zirgari Saria 2020". Sari hau tokiko inguruneetan emakumeen taldeak eta kolektiboak ahalduntzeko egindako lanagatik nabarmendu diren eta aurreko kategorietan lehiatzen ez diren erakunde bati edo batzuei ematen zaie.

Dora Salazarren eskulturak tamaina errealeko lau zirgariren bertsioa ere izango du; eskultura hori laster jarriko dute Bilboko itsasadarraren ondoan, emakume haiei eta jasan zituzten bizi-baldintza gogorrei egiten diegun omenaldi eta aintzatespen gisa.