LEZAMA. Lezamak oso jardunaldi berezia jasoko du biharko goiz osoan zehar, izan ere, Kurtze auzoan kokatutako baselizaren inguruko landek Euskadiko Ziklokros Txapelketaren hamargarren edizioa, DEIAk babestuta, jasoko du. Honetan, 300 adin desberdinetako gizon eta emakume izango dira euren bizikletak berrikuntza ugari ekarri dituen zirkuito batean loka-tzez zikintzen eta honen gainean gozatzen. Neurri handi batean ekimen garrantzitsu honen ospakizuna Zorribike Txirrindulari Kirol Taldearen, herriko txirrindularitza elkartearen, errua izan da, izan ere, bertoko kideak izan dira ibilbidea diseinatzearen arduradunak beste gauza askoren artean. “Aurtengoan, 2.600 metroko zirkuitoa izango da berriro, baina hala ere hainbat berrikuntza izango ditu; esate baterako arezko lubakia edo hiru dubbi-ak. Gainera, azken asteetako eguraldia kontuan izanda, oso bizkor egongo da landa eta ziur oso txapeketa polita ikusiko dugula”, adierazi zuen José Manuel Olanok, Zorribike taldeko lehendakari lezamarrak.

Esukadiko ziklokros lehiaketaren antlakuntza hau ez da gauza berria Lezamako elkartearentzat, izan ere, orain dela hamabi urte sortu zuen Olanok: “Nik eta beste hainbat pertsona txirrindularik ikusi genuen bizikletaren inguruko zaletasun handia zegoela Txorierriko eskualdea osatzen duten herrietan, mendiko zein errepideko ibiltariak. Oso polita da guretzako gure baliabide naturaletan ibilita hainbeste gustatzen zaigun kirol bat praktikatu ahal izatea. Pentsatu genuen os interesgarria izan zitekeela elkarrekin ibiltzeko elkarte bat antolatzea eta 2007 urtean, hainbat legezko tramite egin ostean, Zorribike sortu genuen”. Gutxinaka, talde lezamarra mendiko bizikleta martxak antolatzen joan zen eta hurrengo urtean, 2008an, Lezamako Mendiko Bizikleta Martxa antolatu zuen estreinakoz, eta hau 2017 urtera arte ospatu izan da.

Urteen igarotzeak ere eragin handia izandu du Zorribiken, izan ere, orain dela urte batzuk lehiaketa munduan parte hartzerako saltoa egin zuen taldeak: “Kirol-akordio batera heldu ginen Gela Pedagogikoarekin. Eurak, eskola kirol kategoriako haurrak prestatzen dituzte eta guk proposatu genien, ziklokros munduan jarraitu nahi zutenak Zorribiken bitartez jarraitu ahal izana. Egia esan, oso polita da gura gazteak Euskadi mailan eta, batez ere, federazioek gugan konfidantza jartzea Euskadiko Txapelketa antolatzeko”.

Etorkizunera begira, Zorribike Txirrindulari Kirol Taldeko lehendakariak ez dauka gauza askorik buruan, baina bere helburu nagusia mendiko bizikleta gustoko duen jendeari mundu honetaz gozatzeko aukera ematen jarraitu ahal izatea da: “Uste dut oso garrantzitsua dela gazteei kirola egiteko aukera desberdin bat ematea eta, kasu honetan gainera, naturarekin lotuta dagoen aukera bat. Guk umore eta ilusioa soberan daukagu aurrera jarrai-tzeko, baina uste dugu jende gaztea ere odol berria ematen hasi beharko litzatekeela proiektuari”.