Bizkaiko Foru Aldundiak Gabonetako jai hauetan kanpaina bat jarri du abian bigarren urtez, irudimena eta askatasunean jolastea sustatzen duten jostailu ez-sexistak aukeratzearen alde.

Kanpainaren izenburua «Beren ametsek ez dute mugarik. Zeuk mugatuko dituzu? Ez aukeratu jostailu sexistarik» da, eta neskato astronauta bat eta izotz gainean irrist egiten duen mutiko bat dira haren protagonistak.

Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua den Teresa Laespadaren esanetan, "Ez diegu mugarik jarri behar haurren jolasetan protagonista diren ametsei, haien etorkizunari mugarik ez jartzeko".

Kanpaina honen abiaburua honakoa da: jolasaren bitartez, ideiak, sinesmenak, gizarte-balioak, itxaropenak, beharrizanak eta jarduteko ereduak eraikitzen dira; hainbestez, jolasari eta jostailuari buruzko kontzientzia argia sorrarazi behar dugu, bizitzako lehen urteetan hezkidetzarako eta berdintasunerako tresna baliagarria izango den kontzientzia alegia.

Hori dela bide, eta hain zuzen ere Gabonetako jai-garai honetan, jostailuek ez dituzte betiko bermatu behar gure neskato-mutikoen bizitza eta etorkizuna mugatzen eta baldintzatzen dituzten estereotipoak.

Jostailuak beren nortasuna askatasunean eraikitzen lagunduko duten berdintasun-tresna bilakatu behar dira, aukera-sorta osoarekin, genero-mugarik edo genero-baldintzapenik gabe. Kanpainak pertsonen balio-berdintasuna oinarri hartuz heztea proposatzen du, adingabe bakoitzaren potentzialtasunak eta indibidualtasunak aintzatetsiz, sexua edozein delarik ere, eta pertsonaren garapen integrala bilatuz, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita.

Kanpaina hau hainbat komunikabideren bitartez ari da plazaratzen, hots, egunkarien, irratien, sare sozialen eta abarren bidez; horrezaz gainera, horri buruzko publizitatea jarri da Metroan, EuskoTrenen, Bizkaibusen eta Renferen aldirietako trenetan.

Gainera, irudiarekin batera kartelak bidali zaizkie Bizkaiko jostailu-denda ugariri, baita Eroskiko jostailu-kateari eta merkataritza-guneei ere.

Era berean, kartelak banatu dira Foru Aldundiaren hainbat egoitzatan, emakumeen elkarteetan eta bestelako elkarteetan, sindikatuetan, fundazioetan eta gure lurraldeko udaletan.