BILBO. 2019ko apirilean, Sestaoko Ertzain-etxeak ikerketa abian jarri zuen Barakaldoko eta inguruetako etxebizitzetako eta, batez ere, gazte-lonjetako lapurretek gora egin zutela hauteman ondoren. Lonjetan izandako lapurreta guztiek, gainera, ezaugarri bera zuten: erasotzaileek indarra erabiliz eta mehatxuak eginez lapurtu zuten.

Martxoan, Barakaldoko Apuko, Muguruza eta Alberdi kaleetako hiru gazte-lonjatan indarra erabiliz egindako lapurretak salatu zituzten. Kasu horietan, atea ireki ziezaieten lortu ostean, erasotzaileek labanez, guraizez edo Taser pistola elektriko bidez mehatxu egin zieten gazteei eta ondasunak lapurtu zizkieten ?sakelako telefonoak, dirua eta dokumentu pertsonalak, besteak beste?.Batzuetan, aurka egiten zieten gazteak jipoitu ere egin zituzten.

Bestetik, ikerketa abian jarri ostean, Ertzaintzak susmagarrietako batzuk lotu zituen Trapagarango eta Barakaldoko zenbait etxebizitzatan urtarriletik abuztura bitartean izandako lapurretekin. Era berean, ikertzaileek talde hori lotu zuten martxoan eta apirilean Gernikako Mestikabaso kaleko eta Txaporta poligonoko bi gazte-lonjatan indarra erabiliz izandako lapurretekin. Kasu horietan, lapurrek pistola simulatu bat eta beisbol-bate bat erabili zituzten biktimak kikiltzeko.

Hartara, ikerketako arduradunek baieztatu ahal izan zuten erasotzaile talde horrek parte hartu zuela Barakaldoko eta Gernikako zenbait gazte-lonjatan indarra erabiliz egindako zazpi lapurretatan eta Barakaldoko eta Trapagarango zenbait etxebizitzatan indarra erabiliz egindako sei lapurretatan.

Ustez lapurreta horietan nahastuta dauden 19 eta 24 urte arteko sei gizonezkoak identifikatu ostean, Ertzaintzak joan den asteazkenean eta ostegunean atxilotu zituen, Barakaldon eta Bilbaon, talde kriminaleko kide izatearen akusaziopean.

Horren ondoren, ostegun arratsaldean, susmagarrietako hiru bizi diren Barakaldoko etxebizitzan miaketa judiziala egin zuten ikertzaileek. Miaketa horretan, ertzainek askotariko objektu ugari topatu zuten, hala nola nortasun agiri nazional bat, autoetako giltzak, telebistak, argazki-kamera bat, bideo-jokoekin aritzeko kontsola bat, zenbait bideo-joko, material fotografikoa, bi bizikleta edo gitarra bat. Ikertzaileek objektu horiek lapurreta jakin batzuekin lotu ahal izan dituzte, eta, hartara, aukera izan dute taldea delitu horiekin argi eta garbi lotzeko. Objektu horietako batzuei esker argitu ahal izan da, era barean, nahastuta daudela abuztuaren 2an bi etxebizitzatan izandako lapurretekin, ekainean txoko batean izandako lapurreta batekin eta uztailean hiru trastelekutan izandako beste lapurreta batekin, guztiak Barakaldon.

Atxilotuak atzo, ostirala, utzi zituzten Barakaldoko gau eta eguneko epailearen esku, eta epaileak aske utzi ditu karguekin eta 15 egunero epaitegira bertaratzeko obligazioarekin.

Gainera, ikerketako arduradunak ikertzen ari dira ea talde hori nahastuta dagoen azken hil hauetan Ezkerraldeko zenbait udalerritako etxebizitzatan izandako beste hamar lapurretatan.