BILBO. Milioi eta erdi bisitari baino gehiago egon dira Bizkaiko hondartzetan ekainean eta uztailean, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera. Ekainenan eta uztailean 22 egunetan atera da eguzkia.

Hondartzetara hurbildu direnen artean, gehienek uztailean egin dute; guztira, 1.004.023 bisita. Eta bistari gehien izan dituzten hondartzak (berrehun mila bisita gainditu dituzte) La Arena (236.751) eta Ereaga (219.841) izan dira. Ehun mila pertsonatik gora izan dituzte Arrietara-Atxabiribilek (124.534) eta Gorlizko hondartzak (105.988). Bisitari asko izan dituzten beste batzuk: Arrigunaga (99.217), Laga (94.981), Plentzia (87.896) eta Bakio (83.844).

Bestalde, 2018ko ekainarekin eta uztailarekin konparatuta, eguraldia iazko ekitaldian bezain gorabeheratsua izan da. Aurten, 22 egun eguzkitsu izan ditugu; 21, berriz, lainotuta egon dira; 5etan euria egin du, eta 13tan eguraldi aldakorra izan dugu (iaz, 21 egun eguzkitsu; 22 lainotuta; 3tan euria, eta 15etan eguraldi aldakorra.

Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak 3.396 pertsona artatu ditu aipatutako hiletan; gehienek zauriak (1.875) edo xabiroi zuriaren ziztadak (579) zituzten. Beste 203k laguntza jaso dute eltxoen ziztadengatik, eta 45 pertsona erreskatatu dituzten uretatik. Zerbitzuan laguntza jaso duten guztietatik, 3.320ri alta eman zitzaien sorospen-postuan artatu ondoren; beste 76, berriz, osasun-zentroetara eraman zituzten.

Garbiketari dagokionez, denboraldiko lehen bi hil hauetan, hondakinen bilketaz arduratzen den foru-zerbitzuak 211.200 kilo zabor bildu ditu, uztailaren 31(e)ra arte. Haietatik, 110.633 kilo paperontzi eta edukiontzi berdeetara botatako hondakinak dira; 19.420 kilo, berriz, edukiontzi eta paperontzi horietara botatakoak. Azkenik, gainerako 81.147 kiloak mareek hondartzan utzitako hondakinak dira.

Azkenik, hondartzainen foru-zerbitzuak 674 gorabeherei erantzun behar izan die, guztira, ekainean eta uztailean. Zifra hori 2018ko aldi berean izandakoa baino nabarmen txikiagoa da (906). Zerbitzuaren aurrean, 115 erreklamazio aurkeztu dira; zifra hori eta iazkoa oso antzekoak dira. (117).