BILBO. Busturia, Muxika, Loiu, Etxebarri, Galdakao, Bilbo eta Derion kokatutako lurren 8 lote jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektoreko profesionalen eskura, urtero legez, Nekazaritzako Lurren Funtsak egindako deialdiaren barruan. Lurrak barazkigintzarako, barazkigintza ekologikorako, belar-bazkarako eta fruta txikietarako erabili ahal izango dira.

Nekazaritzako Lurren Funtsaren, jende guztiak Lurren Bankua izenarekin ezagutzen duenaren, helburuak nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien jarraipena bermatzea, sektorera emakumeak eta pertsona gazteak iristea sustatzea, ustiategien bideragarritasun ekonomikoan lagunduko duen ustiategi horien egitura-dimentsioa sustatzea eta artatzea eta ingurumenari dagokionez jasangarria den nekazaritzaren garapena bultzatzea da eta, aldi berean, nekazaritzako azalera erabilgarriaren galera lehengoratzea eta geldiaraztea.

Honako deialdi honetako partzeletako batera iristeko eskabideak jasotzea eta tramitatzea Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Landa Garapeneko Zerbitzuaren bidez burutuko da; dena dela, lankidetza-hitzarmenak harpidetu dira gure Lurraldeko Landa Garapeneko Elkarteekin erakunde hauek oso garrantzitsua den lana egin dezaten, hau da Nekazaritzako Lurren Funtsaren lurrak lortzeko pertsonak eta programarekin bat egin dezaketen lurren jabeak erakartzea. Elkarte horiek, aldi berean, kasu egingo diete deialdian eskaintzen diren loteei buruzko informazioa eskatuko duten pertsonei eta Landa Garapeneko Foru Zerbitzuarekin harremanetan egongo dira urte osoan zehar erregistratuko diren galdera, eskari eta eskaintzen berri emateko.

Jasoko diren eskabideak balorazteko era askotako irizpideak hartuko dira kontuan; horien artean pertsona eskatzailearen profila dago (adibidez, sektorera gazteak erakartzeko Gaztenek prozeduraren barruan monitorizazio-fasean dagoen), eskabidearen helburua (ustiategi berri baten sorkuntza edo egon dagoen baten zabalkuntza), ekoizteko ereduaren ezaugarriak (ekoizpen ekologiko ziurtatua, ekoizpen integratua edo kalitate ziurtatuko programak, ustiategian transformatzeko nekazaritzako edo abeltzaintzako ekoizpena, zirkuitu laburraren bidez merkaturatzeko nekazaritzako edo abeltzaintzako ekoizpena...) eta enpresa-plana eta ustiategien pertsona titularren esperientzia eta prestakuntza.

Eskabideak Landa Garapeneko Zerbitzuan aurkez daitezke (Agirre Lehendakaria kalea, 9, 2.a). Banatuko diren loteak Bizkaiko Foru Aldundiaren webean argitaratuta daude, ezaugarriak zehazten dituzten fitxa indibidualekin eta eskatzen den dokumentazioari erantsi behar zaion eskabidearen inprimakiarekin batera.

Balantzea abian jarri zenetik

2011n abian jarri zenetik Nekazaritzako Lurren Funtsaren bidez lurrak lortu dituzte lehen sektoreko 52 profesionalek. Partzela horien hartzaileak izan dira sektorera inkorporatzeko bidea egin duten 32 pertsona eta euren ustiategiak zabaldu dituzten beste 19.

Adjudikatu diren lote guztietatik 14 emakumeentzat izan dira, 35 gizonentzat eta 2 pertsona juridikoentzat. Partzela gehienak titulartasun publikokoak ziren: 16 ondarezkoak, 21 udalen jabetzakoak eta 6 Azpiegiturak foru sozietate publikoarenak.

Iaz Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak inkesta bat egin zuen programaren erabiltzaileen artean eta horren emaitzen arabera esan daiteke partzelen hamar pertsona onuradunetik bederatzik Nekazaritzako Lurren Funtsaren lurrak erabiltzea gomendatuko luketela, hala lehenengoz instalatzeko nola ustiategiak zabaltzeko.

Halaber, inkestaren arabera pertsona horiek lurren lagapenerako foru programa hau baloratzerakoan adierazten dute batez besteko nota bikaina dela alderdi guztiak kontuan hartuta. Horrela, adibidez, 10etik 7,6ko notarekin kalifikatzen dute jasotako lurren egokitasuna lurzatien adjudikazioan proposatu zen ekoizpen-orientazioarekiko; nota hori igo egiten da, 7,8raino, errentamendu-kontratuaren baldintza orokorrak eta nekazaritzako lurraren artekaritza eta esku hartze bulegoko pertsona arduradunen komunikazioaren erraztasuna ebaluatzen direnean. Proposatu diren loteetara iristeko erraztasunen arloan nota 7,04 da eta pertsona erabiltzaileak lurra erabiltzeagatik ordaintzen duen prezioaren egokitasuna 7,72rekin baloratzen da.Liburuxkak programa ezagutzera emateko

Bizkiko Landa Garapeneko Elkarteek aholkularitza-erakunde moduan parte hartzen dute programa honetan eta, ondorioz, Bizkaiko eskualdeetan gertatzen den eskaeraren eta eskariaren bideratzaileak eta kudeatzaileak dira. Lan hori zabaltzeko eta, aldi berean, Nekazaritzako Lurren Funtsaren berri emateko, hurrengo asteetan bi liburuxka argitaratu eta zabalduko dira: batean programari buruzko azalpenak emango dira, zer den eta zertarako den, eta lurretara iristeko interesa duten pertsonentzat izango da eta, bestea, euren partzelak urtero adjudikatzen direnen artean egotea nahi duten lurren jabeentzat dena.