Galdakao - Klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko intentzioa dauka Galdakaoko Udalak. Horrela, larrialdi klimatiko egoera deklaratu du eta udal talde gobernuak, “Galdakaoko Udalak, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du”. Argitaratutako testuan diotenez, “ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea”. Besteak beste, “udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu partehartzaile bat abiatuko du Udalak herritarren, auzoen eta beste edozein eragileren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza bat osatzeko 2020. urtean zehar”. Udalak, bando baten bitartez emango die mozio honen berri herritar eta auzoei. - I. U.