BERMEOTARRONTZAT ez dago egun hoberik”. Hala laburbiltzen zuen Janire bermeotarrak, tinko, atzoko Madalena jaia. Elantxoberantz joan baino arinago, Bermeoko portuan karga lanetan ari zela -dozenaka izotz poltsa, zehazki- zioen “munduko festarik onena” dela. Zer aurkituko zuen jakin bazekien, urteroko tradizioa berdintsua baita: mahoiz zipriztindutako herriak eta jai giro ezin hobea. Eta, aurten, itsasoak hoztu ezin zuen bero sargoria. Eta, batez ere, urteetan ezagutu ez den lasaitasuna Elantxoben. Udalerriaren goiko aldera igo -zer nekeza aldapa!- eta bertatik portua ikusterik baino ez zen. Jende gutxiago batu zen udalerrian, baina giroa bikaina izan zen.

Portu aldean ari ziren batzuk, bainujantzia jantzita uretara salto eginez. Edota edozein flota-tzaile erabilita, bainuan. Ertzain-tzak ere zenbait abisu eman behar izan zituen, segurtasuna bermatze aldera moiletatik behera ziharduten gazteei ohartaraziz. Beste batzuk, berriz, lagunen zein senitartekoen ontzietan igota, kostaldean hain berezkoa den bakailao edo hegaluze mokauak jaten ari ziren. Jana eta edana non nahi zen, baita kazetariei eskaintzerako ere. Madalenak milaka aurpegi ditu, nahi erara ospatzen delarik. Ioritzen kasua zen, kamara aurrean besoak altzatuz, argazkiaren bila. “Ea publikatzen duzuen!”, oihuka-tzen zuen, zerbeza bat eskuan zuela egarria freskatuz. Pantalanetan tokia izatea ez zen posible izan, “Madalena itsasuntziz bizi behar den eguna delako”. Hala zioen Gorka mundakarrak.

Gernikarrik ere Elantxobera hurbildu zen, “hauxe Urdaibaiko jaia delako. Bermeotarrena, klaro baitez! Baina guk ere gustoko dugu eta urtero etortzen gara Elantxobera”, aipatzen zuen. Polemika ez piztu nahirik, Nagorek argi eta garbi esaten zuen “eskualde mailako eguna dela, nahiz eta gu itsaso aldekoak ez izan. Berdin gozatzen dugu eta!”. Madalen egunak Bermeo, Mundaka zein Elantxobeko mugak apurtzen dituela argi eta garbi utzi zuen segizio ofizialak. Hiru udalerrietako alkate eta zinegotziez gain, hainbat bisitari hurreratu ziren. Mundakarra den Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria; bermeotarrak diren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka eta Izaskun Bilbao eurodiputatua; eta urrunagotik heldutako Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao, adibidez. Alderdi politikoek ere euren buruzagiak bidali zituzten, besteak beste EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, eta Bizkai Buru Batzarreko presidenta Itxaso Atutxa. EH Bilduri dagokionez, Leire Pinedo eta Jasone Agirre parlamentariak aritu ziren Madalena egunaz gozatzen. Hurbileko zein urruneko, atzoko Madalen egunak bisitari guztiak asebete zituen, sustraietara buelta egin zuen egunean. XVI. mendeko teila batek Izaro bermeotarra dela ziurtatu zuen jai giro hobe ezinean.